Bizikletak aparkatzeko aldi baterako aparkalekuak jarriko dituzte hondartza guneetan datozen asteetan
Donostiako Udalak iragarri du datozen asteetan “hondartza eremuetan” aldi baterako bizikletentzako tokiak egokituko dituela, “eremu horietan aparkatzea errazteko”. Hirian 8.250 plaza inguru daude bizikletak uzteko une honetan, autobus geltokikoak eta Pio XII.-ekoak barne, eta debekatua dago bizikletak aparkaleku horietatik kanpo uztea. Are gehiago, udalak gogorarazi du barandetan, zuhaitzetan edo eremu publikoko beste hainbat espaziotan utzitako bizikletak kendu eta udal gordailura eramango dituztela, dagokion isuna jartzeaz gain. Esaterako, aste honetan dagoeneko hainbat bizikleta eraman dituztela jakinarazi zuten Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartetik, bai Kontxan bai Zurriolan.
Era berean, iragarri dute erabiltzaileen “segurtasun fisikorako arriskua dakarten, edo oinezkoen edo txirrindularien joan-etorria oztopa dezaketen egoeretan” ere neurriak hartuko direla.