"Egoeraren benetako larritasuna udazkenean ikusiko dugu"
Groseko Zabaleta kalea terrazaz beteriko eremu bat da, eta deskonfinamenduaren eta eguraldi onaren arteko konbinazioak bizitzaz bete du berriz ingurua. Zabaleta tabernak aste honetan zabaldu du berea, baina hango tortilla ezaguna lehendik ere iritsi da bezeroen ahotara, arrakasta nabarmena izan omen duen eskaripeko zerbitzuarekin.
Jendeak Zabaletako tortillak faltan bota ditu?
Baietz ematen du. Bezeroen artean ezaguna den produktu honi esker egoera zail hau hobeto jasan ahal izan dugu. Maiatzaren 4an etxera eramateko janaria eskaintzen hasi ginen, eta geroztik eskaera dezente izan ditugu.
Taberna, aldiz, ostegunean ireki zenuten.
Bai, eta espero dugu pixkanaka lan karga areagotzen joatea. Langileak abisatu ditugu dagoeneko, eta asmoa da aukera izatean ABEEtik ateratzea. Eta ea gutxinaka normaltasunera bueltatzen garen. Ondo ibiliko garela esango nuke, baina benetako arazoa iraila edo urria aldera iritsiko da.
Zergatik uste duzu hori?
Ordurako lan egiteko modua aldatu egingo delako. Guretzat, irabaziak kopuruan daude, eta bezeroen bolumena jaisterakoan, guk gure kutxan nabaritu egingo dugu.
Udara ona izanda ere, kolpea gero etorriko dela diozu, hortaz?
Hori da. Azken finean, pasa dugun guztiarekin, orain jendea tabernetara joateko irrikaz dago. Oporrak, eguraldi ona… Baina arazoa da udazkenean langabezia igo egingo dela eta ABEEak ere agortu egingo direla. Eta hor ikusiko dugu egoera honen benetako larritasuna. Gauzak asko aldatuko dira.
Zein modutara?
Poteatzeko modua, gure artean erlazionatzekoa… Ez dira berdinak izango. Ez dakit aldaketa onerako edo txarrerako izango den, baina aldatu egingo dela uste dut. Beti tabernaz taberna ibili diren kuadrillak, adibidez, ezin izango dira orain arteko moduan bildu. Momentuz ez dugu halako irudirik ikusiko.
Hori drama handia izan daiteke askorentzat.
Zalantzarik gabe, baina arazo handiagoak ere badaude. Egokitu egin behar gara.
Poteoa aldatzen bada, Zabaleta kalea ere aldatu egingo da, ezta?
Bai, ziurrenik. Badakizu hemen pintxopoteak indar asko duela, eta Jazzaldiak eta Aste Nagusiak ere eragin handia izaten dute hemengo tabernen kutxetan. Baina horrela etorri dira gauzak. Eta, egia esateko, neurri batean eskertu ere egiten dut, azken 14 udatan ezin izan dudalako arnasik ere hartu, lanez gainezka geundelako. Diru gutxiago izango dugu, baina baita bizi kalitate hobea ere.
Zer nolako giroa topatu duzu inguruko saltoki eta tabernetan?
Duela aste batzuk egoera guztiz beltz ikusten zuten batzuek iritzia aldatu dute azken egunetan. Aste hauek oso kaotikoak izan dira, baina jendea berriz kalean dagoela ikusteak itxaropenez bete gaitu, eta iluntasunez beteriko tunelean argi apur bat sartzen ari da pixkanaka.