"Entzun dudanagatik, lehen kolpe honen eraginez auzoko hamalau taberna itxi dira"
Koronabirusa bi bider pairatu behar izan du Juan Ignacio Zugastik, Gaztelu Txiki tabernako jabeak. COVID-19ak ospitalera bidali zuen lehenik, eta hor hilabete eta erdiz egon eta gero, pandemiak ostalaritzan izan dituen eraginei aurre egitea tokatzen ari zaio orain. Dena den, Donostian hogei urte daramatzan argentinar honek nahiko argi dauka halako krisialdiak, iristen diren moduan, pasa ere egiten direla.
Zer nolako egoera bizi duzue tabernan?
Momentuz aurrera goaz. Argentinako krisialdiekin alderatuta, hau ez da hainbesterainokoa [barrez]. Pixkanaka baldintza berrietara egokitzen ari gara eta kito. Edukiera murriztu, mahaiak berrantolatu, jantokia egokitu… Horretan aritu gara azken egunetan.
Momentuz ez daukazue terrazarik.
Udalak esan zigun egun batzuk itxaron beharko genuela. Astebete daramagu zain, baina bueno, terraza baimena jasotzeko normalean itxaron behar izaten diren epeak hilabetetakoak izan ohi dira, hortaz ez da horren larria, baina ea laster jarri dezakegun.
Barrako pintxoak film paperarekin bildu dituzue.
Osasun irizpideek diote pintxoak estalita izan behar ditugula. Asteak daramatzat beira arasa batzuk itxaroten, orain tabernari guztiak eskean gabiltzanez, batzuk lortzea oso zaila izaten ari delako. Entrega egiteko epe laburrena eskaintzen zidanak hogei egun behar zituen gutxienez, Sevillatik ekarri behar zituztelako. Donostian saltzen direnak hilabetetik gorako itxarote epea dute.
Erritmoa hartzea zaila izango dela uste duzu?
Ez dut uste taberna askorentzat aste hauetan irekita egotea errentagarria izango denik, fakturazioa oraindik baxuegia izango delako.
Baina datozen asteetan hori aldatzen joango da, ezta?
Ez dakit zein izango den joera, baina nik uste dut aurrez aurre urtebete edo urte eta erdi inguruko krisialdi bat datorkigula. Nik urtarrilera arte ezin izango dut inor kontratatu, eta iruditzen zait sei hilabete barru jende askok lana galduko duela. Izan ere, tabernen diru sarrerak asko mugatuko dira: jaiak, futbol partidak… Tabernak betetzen zituzten ekitaldien etekina galduko dugu.
Dagoeneko badira bidean geratu diren zenbait taberna, ezta?
Grosen badaude batzuk, bai. Usandizaga kalean eta Txofre plazan, adibidez. Entzun dudanagatik, lehen kolpe honen eraginez hamalau taberna itxi dira. Eta lanpostu asko ere galdu dira, noski.
Koronabirusa gainditu ostean, orain beste oztopo hau gainditu behar.
Ba bai. 48 egunez eduki naute ohean, erretilu batetik jaten eta pneumoniarekin. Zorionez, hori pasa eta, testa berriz egin zidatenean, antigorputzak garatu nituela ikusi zuten. Orain beste arazo honi egin beharko zaio aurre, baina hau ere gainditzeko gai izango gara. Ez daukagu beste aukerarik.