Kontxan ezkutatzen diren istorioak
Udaz gozatzeko Donostiako gune nagusia da Kontxako badia, baina hori baino askoz gehiago da, askotariko istorioak gordetzen baititu. Ur azpian, esaterako, azken 500 urteetan hondoratutako hiru itsasontzi daude, eta beste hainbat objektu ere aurkitu izan dira.
Kontxako badiako urak hain lasaiak izanda, itsasontzi bat hondoratzea ezinezkoa dela pentsatuko dute askok, baina ez da hala, itsasoak ezusteko asko ematen baititu. Horren erakusgarri dira historian zehar badian hondoratu diren itsasontziak –hamar, gutxienez–. Gehienak egurrezkoak ziren, eta denboraren, denboraleen eta korronteen ondorioz galdu egin dira, eta zati batzuk eta barruan zeramatzaten objektu batzuk baino ez dira aurkitu: kanoiak,txanponak, zeramikazko piezak eta jaurtigaiak, besteak beste. Aquariumeko kanpoaldean dauden kanoiak, hain zuzen, badian XIX. mendean hondoratutako itsasontzi ingeles batekoak dira. Urperatutako hiru itsasontzik, ordea, hor jarraitzen dute, bainularien azpian.
Zaharrena erlojuen parean dago, gutxi gora-behera, eta XVI. edo XVIII mendekoa da. Hamar bat metrora dago hondoratuta. Adituen arabera, hamazazpi metroko luzera eta bederatzi metroko zabalera izan ditzake, eta egurrezkoa bada ere, ondo kontserbatuta dago.
Bigarrena zumitzen ontzi-hondarra da, XVIII. mendekoa. Zumitzena deitzen zaio burdinazko piezak zeramatzalako urperatu zenean, eta pieza horietako asko itsasontziaren barruan daude oraindik.
Hirugarrena modernoagoa da, 1927koa, hain zuzen. Mamelana III izeneko baporezko arrantza ontzi bat da, eta Igeldo inguruan daude haren hondarrak. Badiatik kanpo, ordea, hondoratutako itsasontzi gehiago daude, Uliaren parean dagoen Pikatxilla izeneko zonan, bereziki.
Laugarrenaren bila
Otsailean ustez badian dagoen beste itsasontzi baten bila aritu ziren Albaola Itsas Kultur Faktoriako langileak. Izan ere, 1753an, Kontxako horma eraiki zutenean, ontzi-hondar batzuk aurkitu zituzten, baina lanekin jarraitu zuten.
Albaolakoek, ordea, ez zuten XVIII mendeko itsasontzi hori aurkitu. Hala ere, ziur Kontxako badiak misterio ugari ezkutatzen dituela oraindik, eta adituen eskuetan dago horiek aurkitzen joatea.