"Tabernak ixten ari ez badira ere, lanpostu asko galdu daitezke"
Matia kaleko Platero taberna hirian pertsiana jaitsi zuen lehenetariko bat izan zen, bere arduradunek argi ikusi zutelako koronabirusaren eragina larria izatera heldu zitekeela. Itxialdi luzearen ostean, gaur berriro hasi dira zerbitzatzen.
Zer dela eta itxi zenuten taberna erakundeen agindua jaso aurretik?
Guk taberna konfinamendua hasi baino bi egun lehenago itxi genuen, auzoko beste taberna batzuekin batera. Ikusten ari ginen erakunde publikoek ez zutela gaiarekiko inolako erabakirik hartzen eta soilik gomendioak egiten ari zirela, baina bistakoa zen egoera oso larria izatera iritsi zitekeela. Hortaz, egoera horretan, langileekiko eta bezeroekiko arduragatik taberna ixtea erabaki genuen.
Zuek ere ez zenuten imajinatuko, ordea, hau horrenbesterainokoa izatera helduko zenik.
Hipotesi asko zeuden, baina guri arduragatik ixtea zegokigun. Geroztik taberna geldirik izan dugu, eta langileok aldi baterako erregulazio espedientean (ABEE) egon gara, taberna egoera berrira nola moldatuko genuen pentsatzen genuen bitartean.
Funtzionamendu berriaren inguruko eztabaida etengabekoa izan da, jasotzen ari ginen informazioa oso aldakorra zelako. Hasiera batean esaten zigutena une batetik bestera aldatzen zen, eta horrek erabateko ziurgabetasunean kokatu gaitu, erakundeetan inprobisatzen aritu direlako.
Egoera horretan, Matiako tabernek indarrak batzeko ahalegina egin duzue, ezta?
Bai. Konfinamendua asko luzatzen ari zela ikusita, Matia kaleko eta inguruko taberna batzuek elkartzea erabaki genuen, bizitzen ari ginena konpartitu eta egoerari denon artean modu errazagoan aurre egin ahal izateko. Hemezortzi bat taberna bildu gara, eta denon artean dinamika batzuk sortu ditugu: bideo bat egin dugu, kamiseta batzuk aterako ditugu…
Zer moduz moldatu zarete tabernaren berrantolaketarekin?
Terrazari dagokionez udalak dena finkatuta eman digu, baina barruko edukierarekin ez da berdina gertatzen. Linbo batean dago. Hau da, edukieraren erdia izan dezakegu baina, zein da berezko edukiera? Taberna batzuetako edukiera jendea zutik egongo balitz bezala hartu da kontuan, eta beste batzuena, aldiz, bezeroak eserita egongo balira bezala. Baina orain denek egon behar dute eserita…
Nolako kaltea eragin dezake horrek?
Edukiera erdira mugatzearena betez gero, zenbait tabernatan mahaien arteko distantzia bi metro baina dezente handiagoa izango da derrigor. Gauzak argi, konfinamendu aurretik taberna gehienetan ez da aforoaren arabera funtzionatu eta jendeak uste baino askoz txikiagoak dira gure legezko aforoak. Hala ere, segurtasun neurriak hartu eta betetzearen garrantziaz jabetzen gara, langileen eta bezeroen osasuna baita garrantzizkoena.
Zuek ohiko funtzionamendua asko aldatuko dela uste duzu?
Gure taberna eredua otorduetan eta barrako poteoan oinaritzen da, eta azken hau bueltatuko den azkena izango da. Horregatik, dena aldatu beharko dugu. Jendeak mahaietan eserita egon beharko du eta mahai guzti horietara zerbitzariak joan beharko gara, gure lana lana bikoiztuz. Izan dezakegun lan karga horrek asko kezkatzen gaitu.
Eta bezeroak? Erraz egokituko al dira funtzionamendu berrira?
Ikustear dago, baina guk konfiantza dugu beraiengan. Konfinamenduan zehar ikusi da okindegietan, supermerkatuetan, eta saltoki guztietan orokorrean ondo moldatu direla arauak errespetatzeko. Orain ikusi beharko da ea ostalaritzan berdin gertatzen den.
Zer helarazi dizuete auzotarrek itxialdian zehar?
Bueltatzeko gogo asko dutela. Kaletik joatean agurtzen zaituen jendearen erdiak irekieraren datagatik galdetzeko hitz egiten dizu, agurtzeko baino. Pentsa.
Datorrenari begira babes hori izango duzue, hortaz.
Auzora begira bizi den komertzioarentzako egoera zaila da, taberna zein saltokientzat, eta herritarrok horiekiko ardura bat dugu. Orain pertsianak berriro igoko diren arren, oso hilabete zailak datozkigu aurretik, eta kalea bizirik mantentzea guztioi dagokigu.
Epe motzera askok itxi dezaketela uste duzu?
Nik dakidala, auzoan momentuz denek jarraituko dute, baina nork daki nola egingo duen honek aurrera. Dena den, tabernak ixten ez badira ere, lanpostu asko galdu daitezke hemendik aurrera. Une honetan langile pila bat daude ERTEan, eta lehengo lan karga itzultzen ez bada, lanpostu horiek arriskuan egon daitezke. Azken finean, ostalaritza sektore oso prekarizatu bat da, eta gertuko ostalaritza txikia etekinerako tarte murritzekoa, eta bistakoa da gogorrena orain etorriko dela.