Gladys del Estal omenduko dute Egiako parkean
Ekainaren 3an 41 urte beteko dira Guardia Zibilak Gladys del Estal tiroz hil zuenetik. Urtero bezala, Egiako gaztea omentzeko ekitaldia egingo dute, baina koronabirusak eragindako egoera dela eta, aurten aldaketa batzuk egingo dituztela iragarri dute antolatzaileek.
Omenaldia ekainaren 6an, larunbatean, izango da, eta 12:00etan hasiko da Bulebarrean; handik abiatuko dute bizikleta martxa bat, Egiako parkeraino. Aurten, ekitaldia parkearen sarreran hasi beharrean, goialdera joango dira zuzenean, Del Estalen monolitoa dagoen gunera, hain zuzen. Han egingo dute ohiko ekitaldia, 12:30ean.
Lau hamarkada Del Estal gabe
Iaz Egiako militante gaztearen heriotzaren 40. urteurrena izan zen, eta hori dela eta, Gladys Gogoan plataforma sortu zuten gaztearekin lotura izan zuten hainbat pertsonak: lagunak, ikaskideak, auzokideak eta mugimendu antinuklearreko kideak. Taldearen helburua izan zen urteurrenaren harira hainbat jarduera antolatzea: EHUko Informatika fakultatean hainbat ekitaldi, erakusketa bat, bizikleta martxa bat, eta abar.
Gainera, urteurrenaren harira, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala aurkeztu zuten iaz. Euskal Herriko mugimendu antinuklear eta antimilitaristaren historia errepasatzen du filmak, Gladys del Estal militante donostiarraren bizitza oinarri gisa hartuta. Dokumentalaren gidoia Sabino Ormazabalek idatzi du, eta Bertha Gaztelumendi izan da lanaren zuzendaria.