Laura Garciak kontratua berritu du Ibaeta Basketekin
Laura Garcia (Toledo, Espainia, 1981) eskoltak kontratua berritu du Ibaeta Basketekin, eta bere bigarren denboraldia egingo du talde gipuzkoarrean. Jokalariak 38 urte ditu eta 177 zentimetro neurtzen ditu, eta iazko udan heldu zen Ibaeta Basketera, Hainaut Basket taldean jokatu ondoren. Ibilbide oparoa egin du Garciak, Canoe, Estudiantes, Cadi La Seu, Hondarribia-Irun eta Hainaut Basket taldeetan jokatu baitu Ibaeta Basketera iritsi aurretik.
2019/2020 denboraldian norgehiagoka bakoitzeko 9,1 puntu sartu zituen eta 2,4 asistentzia eman zituen, batez beste. Era berean, koronabirusaren aurretik jokatu zuten azken jardunaldian (22.ean) MVP izendatu zuten. Horregatik, denboraldiaren bukaera gazi-gozoa izan zela adierazi du Garciak: “Kostatu egin zitzaidan nire forma onena aurkitzea, eta hoberen jokatzen ari nintzenean gelditu behar izan genuen”. Kontratua berritzeko erabakia “oso erraza” izan zela nabarmendu du jokalariak, bi aldeek interesa baitzuten. Bestalde, helburua 2020/2021 denboraldian iaz lortutakoa hobetzea dela azpimarratu du eskoltak: “Taldearen dagokionez, joan den denboraldia hobetzea eta anbizioa izatea da helburua, Emakumeen Liga hazten ari delako eta oso talde politak sortzen ari direlako; hori ona da lehiarentzat. Helburua iraunkortasuna da, baina baita identitatea duen joko bat izatea ere, iaz bezain beste ez sufritzeko”.