Realak ekainaren 14an berrekingo dio ligari
Falta diren hamaika neurketak jokatuko dira, COVID 19-aren erahinez etenaldia ezarri ondoren. Hilaren 13an berrekingo diote Espainiako Futbol Ligari, eta Realak hilaren 14an jokatuko du itzulera partidua Anoetan, Osasunaren aurka (22:00). Beraz, euskal derbi batekin berrabiaraziko dute txuri-urdinek ligako azken txanpa. Hilaren 18an, berriz, Alavesen kontra ariko da Reala Mendizorrotzan (19:30). Bigarren euskal derbia jarraian jokatuko dute txuri-urdinek.
Liga bukatu bitarte, astean bi jardunaldi jokatuko dira, eta guztira 32 egunetan jarraian egongo dira neurketak. Ligak, Espainiako Federazioak eta Kirol Kontseilu Gorenak jakinarazi dutenez, astean zehar, 19:00etan edo 19:30ean eta 21:30ean edo 22:00etan jokatuko dira partiduak. Asteburuetan, aldiz, 17:00etan ere jokatzeko aukera izan daiteke, betiere tenperatura 30 gradutik gorakoa ez bada. Bestalde, berritasun nagusia izango da talde bakoitzak bost aldaketa egin ahal izango dituela.
Une honetan, Reala sailkapeneko laugarren postuan dago 46 punturekin. Liga horrela bukatuko balu, Txapeldunen Ligarako sailkatuko litzateke Donostiako futbol taldea. Ordea, hamaika norgehiagoka dituzte oraindik aurrez aurre.