Udaltzaingoak Uliako parke sarrerako kartelak kendu eta bi lagun identifikatu ditu
Uliako Lore-Baratzak taldeak salaketa bat plazaratu du ohar bidez. Pasa den larunbatean, Donostiako Udaltzaingoak Uliako Mintegietako parkearen sarreran zeuden kartelak kendu zituen. Aranzadi, lagun gaitzaizu parkea babesten, ez txikitzen diote kartelek. Parkeko bi erabiltzailek bi udaltzainak kartelak kentzen ari ziren momentua grabatu zuten, eta hori egiteagatik identifikatu zituzten. “Jendaurrean salatu nahi dugu Aranzadi edo Donostiako Udala egiten ari diren zentsura-kanpaina (ez zaigu jakinarazi zergatik kendu dizkiguten!). Ez dugu ulertzen zertara datorren jarrera hori, eta konfiskatutako kartelak itzultzea eskatzen dugu”, azaldu dute.
Iragan otsailean beste salaketa bat egin zuten: “Aranzadi Zientzi Elkarteak, gure bizkarrean eta aldebakartasun osoz, 2019an Eusko Jaurlaritzako Ondare Sailaren diru-laguntza lortu zuen, ustez, Uliako Mibtegietako eta ur-biltegien balioaren inguruko txosten bat idazteko. Eta ‘ustez’ diogu, izan ere, hiru hilabete baino gehiago igaro ondoren, Aranzadi ez da Uliako Lore-Baratzak ezta Uliako Auzo Elkartearekin harremanetan jarri bere proposamena argitzeko edo parkean dituen asmo eta lanen berri emateko”. Txosten horrengatik elkarteak 150.000 euro jasoko dituela gaineratu zuten, eta hori “errespetu falta galanta” dela.
Txostena osatzeko, Aranzadiko langileak parkera joan ziren laginak hartzera eta neurri lanak egitera. “Uliako Lore-Baratzak taldetik eta Uliako Auzo Elkartetik publikoki adierazi genuen gure desadostasuna, bai parkean bertan kartelak ipiniz eta sare sozialetan, parkea defendatzeko eta zaintzeko egin ohi dugun bezala”, azpimarratu dute. “Egun horretan bertan etorri zitzaigun sorpresa, Donostiako Udaltzaingoa parkera joan zenean kartelei argazkiak ateratzera. Ez ginen kezkatu, ez baitugu haien edukiak inola ere iraingarritzat hartzen”.
Maiatzaren 30ean, ordea, udaltzaingoak kartelak kendu zituen. “Beren jarduera filmatzen ari zirela ikusita bi pertsona horiek identifikatu zituzten, Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren 36.23. artikuluan oinarrituta. ‘Ezin dira agenteen irudiak erabili beren segurtasun pertsonala edo familiakoa, instalazio babestuak edo eragiketa baten arrakasta arriskuan jar badezake’ dio artikuluak”.
Uliako Lore-Baratzak taldeak babes osoa adierazi die bi identifikatuei. Bestalde, Aranzadiri eskatu diote parkean egiten ari diren proiektua “argitu eta erakusteko”.