Aranzadi Zientzia Elkarteak Zorroagan jarraituko du beste hamabost urtez
Urteak daramatza Aranzadi Zientzia Elkarteak bere egoitza jartzeko behin betiko kokapenaren bila. 1997. urtetik Zorroagan dute behin behineko egoitza nagusia, Zorroaga Fundazioarekin eta Donostiako Udalarekin duten lankidetzari esker. Zehazki, bi horiekin adostu dute alokairu-kontratu berri bat, eta hamabost urteko iraupena izango du. “Erabaki horrek beharrezko egonkortasuna eta segurtasuna eskaintzen dizkigu eta, hala, teilatuak eskatzen zuen premiazko konponketa egiteko eta instalazioak berriro egokitzeko estrategiak abian jarri ahal izan ditugu”, adierazi dute.
Aranzadik egoitza propioa eraikitzeko proposamen arkitektonikoak idatzi eta aztertu ditu ondorengo lekuetan, bestea beste: Miramongo teknologia parkea, Uliako Mintegietako parkea, Martuteneko Agustinoak, Pasaiako Ziriza etxea eta Intxaurrondoko Etxaide Borda. Hain zuzen, Uliako parkearekin lotura duen proposamenak zer esana eman du. Uliako Auzo Elkartea eta Uliako Lore-Baratzak taldea horren kontra agertu dira, Aranzadiren eta udalaren asmoa egoitza parkean jartzea dela esanez. Aranzadik Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat jaso zuen Buskando eta Soroborda ur-biltegien balioa aztertzeko, eta beranduenez 2021eko azarorako bukatu behar du. “Ondarea berreskuratu eta balioa ematea, hori da gure misioa eta horretan dihardugu 73 urte”, azaldu dute.
Aurrera begira, leku bila jarraituko du elkarteak azpiegitura egokiak behar dituztelako bulegoetarako eta ikertu ahal izateko laborategietarako, bilduma zientifikoak gordetzeko biltegietarako, liburutegia sozializatzeko eremuetarako edo bildumen erakusketak antolatzeko.