Asensio Ingurumen diputatua gezurretan ari dela dio GuraSOSek
Maiatzaren 28an Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak egindako adierazpen batzuen harira, oharra plazaratu du GuraSOS elkarteak. Asensiok adierazi zuen Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordeak GuraSOSen eskaerak baztertu zituela. “Asensio gezurretan ari da, edo sekulako ezjakintasuna adierazten ari da. Ez baita erresoluzioa, ezta eskaera bati egindako erantzuna ere; izan ere, batzordeak ez du gaia tratatu orain arte egindako bileretan”, azpimarratu dute. Zubietako erraustegiaren inguruko ikerketa egiteko eskatu diote batzordeari.
Asensioren adierazpenak Europako Parlamentura eramateko bidea abiatu du GuraSOSek, eta Ingurumen diputatuaren dimisioa eskatu du. “Iritzi publikoaren eta komunikabideen gaineko manipulazio larria” egin izana egozten diote, eta “Europako komunitateko instituzioekiko errespetu falta ikaragarria”.
Pasa den apiriletik Europako Parlamentuko Batzordea COVID-19arekin lotutako gaiak soilik lantzen ari dela gaineratu du elkarteak. Maiatzaren 11ko data duen dokumentua helarazi zuen batzordeak, eta bertan jasotzen dena ondorengoa dela dio GuraSOSek: “Batzordea eskatutako aferak ikertzen ari da bere askotariko norabideetan. Batzorde horrek eskaera horretarako ekintzarik aproposena erabakiko du, horren gaineko ebaluazioaren araberakoa”. Europako ohar horrek aurrez egindako txosten bat aipatzen du, Europako Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzak egindakoa. Horren arabera, Ingurumen Zuzendaritza Gipuzkoako Aldundia ikertzen ari da, Zubietako erraustegiaren inguruan.