"Gaur egungo autobus zerbitzuen eskaintzatik behera ez dugu egingo"
Dbuseko hainbat langilek protesta egin zuten iragan ostegunean udaletxearen parean, udalak garraio publikorako iragarri dituen murrizketak salatzeko. Alarma egoera ezarri zenean garraio linea hainbat kendu ziren, eta oraindik zerbitzuz kanpo jarraitzen dute. IRUTXULOKO HITZAk Eneko Goia alkateari galdetuko dio zerbitzu horiek noiz berrezarriko diren. “Gaur egungo autobus zerbitzuen eskaintzatik behera ez dugu egingo”, esan du Goiak.
Azken datuen arabera, erabiltzaile kopurua %30ekoa dela gaineratu du alkateak: “Horren ondorioz, autobus batzuk hutsik doaz. Etengabeko berregituratze batean gaude. Datozen asteetan, hirugarren fasean, gutxinaka eskaintza horietan aurrerapausoak emango ditugu”. Zerbitzuen eskaintza handitzeko asmoa du udalak, baina hori eskariari “oso lotua” dagoela adierazi du Goiak.
Ordea, pasa den astean protesta egin zuten Dbuseko langileek azpimarratu zutenez, autobus gehiago izateak bidaiari pilaketak saihesteko eta birusaren hedapena mugatzeko balio duela. Horrekin batera, adierazi zuten orain arteko murrizketen eraginez bidaiariek zailtasunak dituztela haien arteko segurtasun distantziak mantentzeko: “Soilik galera ekonomikoa hartu dute kontuan, hiritarrei eskaintzen diegun zerbitzua funtsezkoa dela ahaztuz”. Udalari “premiazko bideragarritasun plan ekonomiko bat” eskatu diote, etorkizunean Dbus “hiritarrek nahi duten kalitatezko garraio publikoko enpresa bat” izaten jarraitu dezan.