Hiriak azken hamar urteetako biztanleria hazkunde handiena izan du
188.191 biztanle zituen Donostiak 2019. urte bukaeran, aurreko urtean baino %0,45 gehiago. Lehen aldiz 188.000 biztanle baino gehiago ditu.
Donostiako Udalak hiriko azken demografia datuen berri eman du. Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, Donostiak azken hamar urteetako biztanleria hazkunde handiena izan du. 2019ko abenduaren 31ko erroldaren datuen xehetasunak plazaratu ditu Goiak. Donostiak 188.191 biztanle zituen iazko urte bukaeran, 2018an baino 849 gehiago –2018an 187.418 izan ziren–. Hazkundea %0,45-koa izan da. Horrez gain, atzerritar kopurua %9,3 hazi da –1.340 gehiago–.
Batez besteko adina ere handitu da. 2018an batez besteko adina 45,87 urtetakoa bazen, 2019an 46,07 urtetakoa da –2000.urtean 42koa zen eta 2010ean 44koa–. 55 eta 59 adin tartea da donostiar kopuru gehien biltzen dituena (14.425). Auzoei dagokienez, Erdialdea eta Gros auzoak dira batez besteko adin handiena dutenak (49 urte), eta aldiz, Aiete eta Ibaeta dira batez besteko adin txikiena dutenak (42 urte). Era berean, biztanleen %52,8 emakumezkoa da, eta gehiago bizi dira. Eta zehatzago, 65 urtetik gorako biztanleei erreparatzen badiegu, %59,6 emakumeak dira. Eta 80 urtetik gorako biztanleen %67,8 emakumeak dira.
Amara Berri eta Loiola
Hiriko auzoen artean ez dago aldaketarik biztanle gehien eta gutxien dituztenen artean. Hortaz, Amara Berri da biztanle gehien dituen auzoa, 30.504 biztanlerekin (biztanleen %16,2). Jarraian Erdialdea (21.959) eta Altza (20.452) daude. Bestalde, Zubieta da biztanle gutxien dituen auzoa, 284 (%0,2). Gainera, Loiola da 2019an gehien hazi den auzoa, %12,6. Txominenearen garapena da arrazoia, Goiak azaldu duenez. Txomineneako biztanleria %108 hazi da urtebetean.
Atzerritar gehiago
Esan bezala, atzerritarren kopurua %9,3 hazi da Donostian 2019an. Guztira, 129 herrialdetatik etorritako 15.707 biztanle daude, hau da, iaz baino 1.340 gehiago. Hortaz, atzerritarrak hiriko biztanleen %8,3 dira (2018an %7,7 ziren). Hondurasek jarraitzen du atzerritar kopuru handiena izaten (2.197 biztanle). Jarraian Nikaragua (1908) eta Moroko (1.089) daude. Hiru herrialde horietako biztanleak dira hiriari atzerritar gehien ematen dizkiotenak. Eta Kolonbiatik etorritakoak dira gehien hazi direnak, %36,9, eta guztira 984 kolonbiar daude Donostian. Bestalde, espainiarren kopurua 491 gutxitu da (2018an 172.975 izatetik, 2019an 172.484 izatera pasa dira). Hortaz, ondorioztatu daiteke hiriaren biztanleen hazkundea atzerritarrei esker izan dela.
Jaiotze-tasa txikiena
Jaiotze-tasa jaitsi da azkeneko urtean. 6,97koa izatetik 6,50koa izatera pasa da, hau da, datuak erregistratzen direnetik hiriak izan duen jaiotze-tasarik txikiena da. Igeldok izan du tasarik altuena (12.13), eta aldiz, Erdialdieak izan du txikiena (4,78). Zahartze-indizeari dagokionez, gora jarraitzen du eta 186,8koa da, hau da, iaz baino 6 puntu gehiago. Ondorioz, hirian 65 urtetik gorako 1,86 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko.
Erdialdea eta Gros dira zahartze-indize handiena dutenak, 65 urtetik gorako 2,91 eta 2,84 pertsona daude 15 urteko pertsona bakoitzeko; eta Aiete eta Zubieta dira auzo gazteenak, 65 urtetik gorako 1,1 eta 1,2 pertsonekin 15 urteko pertsona bakoitzeko. Ehunekoei erreparatuta, donostiarren %24,29k 65 urte baino gehiago dute, %7,68 80 urte baino gehiago, eta 106 pertsonek 100 urte baino gehiago dituzte.
Familia motak
Donostian 78.354 familia bizi dira. Batez beste, etxebizitza bakoitzean 2,36 pertsona bizi dira, eta pertsona bakarrez osatutako familien kopuruak gora jarraitzen du, eta 2018an 23.959 izatetik, 2019an 24.398 izatera pasa da (+%1,8), eta familia guztien %31,1 dira. Pertsona bakarreko familien %47k 65 urte baino gehiago dute (11.420). Era berean, hirian bi pertsonez osatutako 23.853 familia daude, iaz baino %1,45 gehiago, eta familia guztien %30,4 dira.