Mehryn Kraker beste urtebetez arituko da Ibaeta Basketen
Mehryn Kraker hegaleko jokalariak kontratua berritu du Ibaeta Basketekin, eta beste urtebetez jokatuko du talde donostiarrean. Jokalari estatubatuarrak 25 urte ditu eta 183 zentimetro neurtzen ditu, eta iaz heldu zen Ibaeta Basketera Cadi La Seu taldetik. Bere lehenengo denboraldian 6,7 puntu sartu zituen batez beste norgehiagoka bakoitzean (22 partidatan sartutako 30 hirukoitz barne) eta 2,8 errebote hartu zituen 24 minututan. Donostiarrak taldea 2020/2021 denboraldira begira prestatzen ari dira, berriki Azu Muguruza entrenatzailea eta Laura Garcia eta Lara Gonzalez jokalariak berritu baititu, baita Meiya Tirera fitxatu ere.
Kraker kontratua berritu izanarekin pozik agertu da, baita denboraldi berria hasteko gogoarekin ere: “Udan entrenatzen saiatuko naiz, Donostiara ahalik eta egoera fisiko eta mental onenean iristeko. Bigarren aukera honengatik eskertuta nago, eta gogoak dauzkat Azu, Carmen, taldekideak eta zaleak ikusteko. Sentsazio onak dauzkat”.