"Urtea amaitu aurretik tabernaren 50 urteak ospatuko ditugu, besarkadak eta musuak emateko aukera daukagunean"
Loiolako Elizalde tabernak 50 urte beteko ditu larunbatean, eta urte horietan guztietan taberna bera eta auzoa nola aldatu den ikusi du Iñaki Elizalde jabeak. Konfinamendua zaila izan bada ere, taberna irekita dago berriz, eta urteurrena ospatzeko gogoz daude.
Elizaldek tabernaren historia kontatu digu, baita 1980ko eta 1990ko hamarkadetan tabernan bizitako hainbat istorio gogoratu ere. Bestalde, Loiolako auzo izaeraz eta tabernak eta jatetxeak duten bezero motaz eta izan duten bilakaeraz hitz egin du jabeak, baita konfinamendua nola eraman duen azaldu ere. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai, baina, bitartean, aurrerapen txiki bat:
Horrenbeste urtetan beste krisi batzuk ere pasako zenituzten, ezta?
2008an, esaterako, nabaritzen zen jendeak diru gutxiago zuela, baina beti izan dugu lana, eta ez genuen bereziki nabaritu krisi hori. Gaur egun, nire emaztea eta ni bazkideak gara, eta beste lau langile dauzkagu kontratatuta. Izan ere, jatetxea handia da, 65 pertsona sartzen dira. Joan den asteburuan, esaterako, jatetxea edukiera erdiarekin ireki genuen eta terraza pixka bat ere badaukagu. Ondo, baina oso arraroa da dena.
Tabernarekin beste horrenbeste urte jarraitzeko gogoarekin ikusten zaitut.
Bueno, nik 55 urte dauzkat dagoeneko… Beste zortzi edo hamar urte jarraituta nahikoa izango da, ezta?
50. urteurreneko jaia egin beharko duzue, ezta?
Bai, urtea amaitu aurretik tabernaren 50 urteak ospatuko ditugu, besarkadak eta musuak emateko aukera daukagunean, parranda pixka bat egin ahal izateko; bestela, zertarako nahi dugu jai bat?