"Pandemiak gure garapena guztiz moztu du eta oraindik ezin izan dugu normaltasunera itzuli"
Koronabirusak bete-betean jo du maiatzean eta ekainean egin ohi den triatloi denboraldia. Baina entrenatu eta txapelketetan parte hartzeaz haratago, Añorga Kirol eta Kultur Elkarteko Triatloi taldeko kideentzat elkartzeko eta ondo pasatzeko garaia izaten da. Horretan ere eragin duela azpimarratu du Julen Egaña taldeko presidenteak.
Nola eragin dizue koronabirusaren egoerak taldean?
Gure garapena guztiz moztu du eta oraindik ezin izan dugu normaltasunera itzuli, elkartu ezinik gabiltzalako. Igeriketa entrenamenduak Benta Berriko kiroldegiko igerilekuan egin ohi ditugu, eta igerilekura oraindik ezin izan dugu itzuli, nahiz eta zortea dugun Kontxan igeri egin dezakegulako. Bizikletaz ibiltzeko geratzen gara asteburutan, eta horiek oraindik ere ezin ditugu egin, talde handia baikara. Korrikari gutxiago eragin dio, normalean, modu indibidualagoan egiten dugulako. Gainera, kirolaz haratago, funtzio soziala betetzen dugu Añorgako triatloi taldetik: kirol hau gustuko dugun pertsonak elkartzen gara eta sozializatzeko eta ondo pasatzeko espazio bat da guretzat. Eta, beste arlo guztietan gertatu bezala, horretan ere eragin digu.
Itxialdian ere entrenatzen jarraitu duzue?
Zaila izan da. Norberak bere baliabideak ditu. Batzuek bizikletentzat arrabolak eta korrika aritzeko zintzak zituzten, baina ez denek. Zentzu horretan, hasiera batean oso pertsonala izan zen. Baina ondoren, taldetik, eta ni ere entrenatzailea naizenez, erabaki genuen astean ordubete inguruko bi saio egitea, asteazken eta larunbatetan, online, etxean egiteko moduko indar ariketekin. Modu horretan, lehen aipatutako funtzio sozial hori betetzen genuen nolabait, elkarrekin denbora pasaz eta apur bat sufrituz. Hilabete eta erdi inguru iraun zuen horrek, eta konfinamendua arintzen hasi zenean, ikusita geroz eta jende gutxiago ginela, bertan behera uztea erabaki genuen.
Nola ari zarete moldatzen igeriketako zatia berriro entrenatzeko?
Donostian bizi garenok zortea dugu, Kontxako badia gure igerileku naturala baita. Hau neguan pasa izan balitz, pentsaezina litzateke. Baina une honetan ura geroz eta beroago dago. 17-19 gradu inguruko tenperatura du gutxi gora behera, eta neoprenoa jantzita igerian aritzea ederra da. Lasarte edo Hernanin bizi zirenek, esaterako, zailagoa izan zuten, batik bat udalerriz aldatzea uzten ez zutenean. Bestalde, kirola egitera ateratzeko ordutegiak zeuden fasean bai nabaritu nuela oro har jende gehiago kirola egiten. Zortzitan badia beteta zegoen. Baina nire ustez ordutegiak zeudelako eta askatasun faltagatik gertatzen zen hori. Orain lasaitu egin da.
Triatloi denboraldiko txapelketak maiatza eta ekainean izan ohi dira. Zuek antolatzen duzuen txapelketaren bat bertan behera utzi behar izan duzue?
Taldetik Añorgako Herri Krosa antolatzen dugu bakarrik, uztaileko lehenengo larunbatean egiten dena. Baina lehia baino, auzoko festak direla eta egiten dugu. Triatloi taldetik egiten dugun ekarpen txikia da, dena ez dadin jan eta edan izan —barrez—. Festarik ez badago, lasterketak ez du zentzurik.
Eta parte hartzeko lasterketak?
Denboraldia izorratu digula esan daiteke. Lasterketak asko bertan behera uzten ari dira. Eta garrantzitsuenak udara, irailera edo urrira atzeratu dituzte. Baina uda tartean egonda, gutako askorentzat zaila egiten da. Normalean jendeak oporrak nahi ditu, eta kirola egiten dugu, baina aisialdian, ez entrenamenduak jarraituz. Zentzu horretan gogorra da. Gabon aurretik hasi ginen prestatzen eta entrenatzen, eta urte hasieran helburuak finkatu genituen. Horren ondoren, hamabost eguneko zerbait ia bi hilabetez luzatzen dela ikustea ez da erraza. Gainera, gure kirola oso denboraldikoa da (maiatza eta ekaina, eta listo); ez da taldekako kirol asko bezala astebururo edo bi astean behin partidua edo txapelketaren bat duzula.
Zein probatan parte hartu ohi duzue?
Batik bat, Euskal zirkuituan lehiatzen gara, Euskal Triatloi Federazioko egutegian azaltzen direnetan. Hori da gure oinarria. Baina diziplina nahiko motzak dira —sprint eta olinpikoa—. Distantzia luzeagotan aritzeko, esaterako, Iruñakora edo Zarautzekora joaten gara, nahiz eta azken honetan parte hartzeko zozketan dortsala tokatu behar zaizun. Bi horiek ironman erdia dira. Edozein kasutan, oro har, hemen inguruko probatan aritzen gara.
Talde bezala ez dugu inolako hitzarmenik lasterketekin. Baina egia da badaudela hainbat lasterketa gure taldean oso puntuala eta nolabait bereziak direnak. Esaterako, maiatzaren 16an egin behar zen Iruñako triatloian 25 bat taldekidek eman genuen izena. Aritzalekuko Triatloira (Nafarroa) ere 30 pertsona inguru joaten gara. Etxola handi bat hartzen dugu denontzat eta horrekin asteburuko plana egiten dugu. Triatloian aritzen gara, gure artean modu sanoan lehiatzen, baina ondoren parrila egiten dugu afaltzeko eta bizikleta buelta hurrengo egunean. Eta ekaina amaieran egiten den Donostiako Triatloian ere 25 batek hartuko dugu parte eta gero bazkaria egiten dugu. Gainera, lasterketez haratago, maiatza eta ekainean, lehiaketa fasean sartzen garela, giroa ere taldean aldatu egiten da. Elkarri nola goazen galdetzen aritzen gara, zer egiten ari garen eta zer egin behar dugun. Oso giro polita sortzen da. Askotan, parte hartzen ez dugun lasterketa bat ikustera joaten gara taldekideak animatzeko.
Zenbat pertsona zarete taldean?
Whatsappeko taldean 80 pertsona gaude. Federatuak 50 bat izango gara. Eta larunbat batean bizikleta buelta ematera 20-25 pertsona inguru elkartzen gara, nahiz eta hau egiteko aukera ez dugun izan itxialdi ondoren. Azken batean, errealitate desberdinak ditugu: seme-alabak dituzte batzuk, lana beste batzuk. Eta harreman sakona baino, zerbait indibidualagoa nahi dutenak ere badaude. Guk formatu guztiak errespetatzen ditugu, noski.
Entrenatzailea ere zarela aipatu duzu. Ikuspuntu horretatik, nola eragin dizu?
Izugarrizko faena izan da. Bi bazkide gara eta triatloi plangintzetan espezializatuta gaude. Zerbitzua edonori eskaintzen diogu, baina gehiengoa taldekoak dira. Nire kasuan, hamabi bat kirolarirentzat entrenamenduak prestatzen nituen, eta birekin geratu nintzen itxialdia hasi zenean, bai lan aldetik baita ikuspuntu ekonomikotik dakarren eraginarekin. Normaltasunerako itzulera honetan, batzuk itzuli dira, eta orain bost edo sei kirolari edukiko ditut. Baina honek guztiak gure sektorean ere eragina duela ikusten da. Azken batean, orain ez badago txapelketarik, askok ez dute entrenatzaile baten beharra ikusten.