Igeldoko gaiak kudeatuko dituen tokiko erakunde txiki bat sortu nahi du udal gobernuak
Batzorde ez-iraunkor bat sortzeko proposamena aurkeztu du Donostiako alkate Eneko Goiak, Igeldoko gaiak kudeatuko dituen tokiko erakunde txiki bat eratzeko. Figura horrek autonomia maila handia ematen duela azpimarratu du, “hirigunearen nortasun partikularra gorde dadin bermatzeko gai dena”. Hiru hilabetean behin bilduko da batzorde ez-iraunkorra, tokiko entitate txikia eratzeko prozedura hasteko erabakia hartu arte.
Goiak batzordearen helburua adierazi du: “Igeldoko deszentralizazio administratibo eraginkorrari lagunduko dion erakundea eratzeko prozedura hasi aurreko lege-esparrua aztertu eta adostea”. Udal hauteskundeekin batera, ordezkariak zuzenean aukeratzeak “erakunde adierazgarri bat” emango dio Igeldori, “udalarekin argi eta garbi hitz egiteko aukera emango duena”. Batzordea sortzeko erabakia legealdiko udal gobernu programan harturiko konpromisoa dela azaldu du alkateak. “Udal eraginkorragoa, hurbilagoa eta parte-hartzaileagoa lortzen lagun diezagukeen tresna izango litzateke”.