Bidaiariak behar dira autobusen zerbitzu guztiak berreskuratzeko
Dbusek une zaila bizi du COVID-19aren eraginez. Eskaintza murriztu behar izan dute, eta horrek galera handiak ekarri dizkio. Egoera konpontzeko iritzi desberdina dute konpainiak, udalak eta langileek.
Alarma egoera ezarri zenean, Dbusen bidaiarien kopuruak nabarmen egin zuen behera. Eskaria %92 jaitsi zen, eta egunean 100.000 bidaia inguru izatetik 10.000 bidaia baino gutxiago izatera pasa zen hiriko autobus konpainia. «Apirilaren bukaeran, hondoa jo genuen, eta ordutik eskaintza eta eskaria progresiboki handitzen joan dira. Une honetan eskaera %30 ingurukoa da», azaldu du Igor Gonzalezek, Dbuseko zuzendariak. Normaltasun egoera berrezarri bitartean eskaintza eskariaren araberakoa izatea erabaki dute Dbusek eta Donostiako Udalak. «Gaur egungo autobus zerbitzuen eskaintzatik behera ez dugu egingo», adierazi zuen asteartean Eneko Goia alkateak.
Dbuseko langileak ez daude konforme udalaren eta konpainiaren erabakiarekin, eta murrizketen kontrako protesta egin zuten pasa den astean, gehiengo sindikalaren babesarekin. Kurpil, ELA eta LAB sindikatuen ustez, bidaiari kopurua berreskuratzeko eskaintza handitu behar da, bertan behera geratu diren lineak berriz ere abian jarrita, eta autobusen maiztasunak areagotuta. Era berean, defizitari eta egoerari aurre egiteko, udalari «esfortzu ekonomiko» bat egiteko eskatu diote.
Datozen aste eta hilabeteetan eskariak progresiboki hobera egingo duela uste du Gonzalezek: «Motela izango da hobekuntza, pandemia aurretik pairatu duten beste herrialde batzuetan ere erregistratu baita joera hori. Oraintxe bertan, gure zerbitzuen eskaintzarekin bermatua dago %40ko gehienezko edukiera ez gainditzea bidaietan, eta autobus-flota artikulatu guztiak erabiltzen ari gara erabiltzaileen artean distantzia sozialik handiena egon dadin». Asteartean 9. eta 14. autobus lineen maiztasunak areagotu zituzten, eta Dbuseko arduradunak lanean ari dira asteburu eta jaiegunetan zerbitzu gehiago eskaintzeko, baita kendutako hainbat linea berreskuratzeko ere.
Dena dela, Gonzalezek uste du epe motz-ertainean eskaria pandemiaren aurretik zegoena baino txikiagoa izango dela, eta mugikortasun premiek behera egingo dutela hainbat arrazoirengatik: «Telelanak gora egingo du, aisialdia txikiagoa izango da, langabeziak gora egingo du, eta jendetza biltzen duten ekitaldiak gutxiago izango dira». Horiek horrela, Dbusek eskaintza agertoki horretara egokitu beharko duela gaineratu du. Udala iritzi berekoa da. «Zerbitzua handitzeko plana lantzen ari gara, baina plan hori egoera berrira moldatu behar da. Eskaeraren arabera moldatuko da zerbitzua, zona eta auzo guztietan».
Zerbitzu gehiago eta segurtasuna
Pilar Aranak, Mugikortasun zinegotziak, irrati batean egindako adierazpenek zalaparta sortu dute Dbuseko langileen artean. Aranak esan zuen hiru urte inguru beharko direla autobus linea guztiak berreskuratzeko. Hori dela eta, pasa den asteko ostegunean, Dbuseko hainbat langilek elkarretaratzea egin zuten udaletxe aurrean murrizketak salatzeko. «Protestak bi helburu zituen. Batetik, zerbitzu kopuruaren igoera eskatzen dugu. Maiztasunak murriztuta eta lineak kenduta ez ditugu bidaiariak berreskuratuko. Zerbitzu gehiagorekin erabiltzaile kopuruak gora egingo du. Bestetik, langile eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzea eskatzen dugu. Izan ere, erabiltzaileari ez bazaio segurua iruditzen garraio publikoa, ez du erabiliko», azaldu du Javi Gonzalezek, Kurpil sindikatuko ordezkariak.
Protesta egin eta bi egun beranduago, maiatzaren 30ean, eguraldi paregabea egin zuen, eta Dbusek ezin izan zion erabiltzaile kopuruari aurre egin. «Egun kaotikoa izan zen. Hondartzara joan nahi zuten erabiltzaile asko geltokietan geratu ziren autobusik ez zegoelako, eta edukiera mugatua dugunez, denak sartzen ez zirelako. Enpresari jakinarazi genion hainbat gidariren ezinegona. Izan ere, horrelako egoerak gertatzen direnean, erabiltzaileak gidariekin haserretzen dira», dio Gonzalezek.
Aranak irratian eskainitako elkarrizketan aurreratu zuen udalak zortzi milioi euro gehiago bideratuko dituela Dbusera. Sindikatuen eskaeretako bat hori dela nabarmendu du Gonzalezek: «Zenbat eta diru gehiago sartu orain, zerbitzuak lehenago berreskuratzeko balioko du».