«Esperantza geneukan ekaina bukaerarako dena pasatuta egongo zela»
Ekainaren 21ean da San Luis eguna, eta horren bueltan egiten dituzte jaiak Herreran. Azken urteetan hainbat asteburu hartu dituzte festek, baina aurten gabe geldituko dira. Hala ere, jai batzordea lanean ari da, sanluisei «keinu bat» egiteko moduren bat asmatzeko.
Zer iruditu zaizue jaiak bertan behera uzteko erabakia?
Erabakia logikoa dela iruditu zaigu, birusa dela eta distantziak mantentzea eta eskatzen dizkiguten neurriak betetzea zaila da jaietan. Argi geneukan neurriren bat iritsiko zitzaigula jaien inguruan, baina kontua izan da erabakiaren komunikazioa izan dela bat-batekoa eta ibili behar izan dugula atzetik, zer etorriko zen galdezka. Udalak ezer ez zekiela esaten zigun etengabe, eta bat-batean jakinarazi ziguten jaiak bertan behera geldituko zirela. Ez zaigu gustatu nola hartu dituzten erabakiak, jai batzordeekin kontsultatu gabe.
Gainera, ez zaigu inolako alternatibarik planteatzeko aukerarik eman. Izan dira aste kritiko batzuk denok etxean egon garena, baina hemendik aurrera neurriak leuntzen ari dira, eta udara ahalik eta modu normalenean planteatzen saiatzen ari dira: turismoa ez galtzen, eta hainbat jarduera berreskuratzen. Hala ere, jaiak bertan behera utzi dituzte guztiz.
Eskertuko genuke gurekin bildu izana, alternatibak pentsatzeko. Azken asteetan imajinazio izugarria ikusi dugu gauza askotarako, eta uste dugu moduak aurkitu daitezkeela den-dena bertan behera ez uzteko.
Jai batzordeak bazuen zerbait antolatuta aurtengo jaietarako?
Urtarrila bukaeran hasten gara jaiak antolatzeko lehen bilerak egiten, eta konfinamendua hasi aurretik lau edo bost eginda genituen. Egutegia antolatuta geneukan, gutxi gorabehera egun bakoitzean zer egin genezakeen pentsatuta zegoen, eta lehen kontaktuak eginda genituen, besteak beste. Egia esan, esperantza geneukan ekaina bukaerarako dena pasatuta egongo zela, eta gure jaiak egin ahal izango genituela.
Jaiak bere hartan egin ez arren, beste motaren bateko jardueraren bat egitea pentsatu duzue?
Ideiak baditugu mahai gainean. Sanluisak oso bereziak dira Herrerakoentzat, eta horregatik, jaiei behintzat keinu bat egitea gustatuko litzaiguke. Gure asmoa da San Luis egunaren bueltan dauden egunak ez izatea egun normalak. Ea lortzen dugun auzoan ikustarazten jaiak bere horretan egin ez arren, guretzat jai egunak direla.
Nola eragingo du Herreran jaien eteteak?
Herrera auzo periferiko bat da, eta nolabait ahaztuta dagoena. Donostiar askorentzat ez dagoen auzo bat da, baina guretzat herri txiki bat bezalakoa da. Jaiak horren erakusgarri dira. Azken urteetan hartutako martxarekin lortu dugu hori erakusten, eta ez bakarrik barrura begira, baita kanpora begira ere. Esaterako, antolatu izan ditugun kontzertuekin lortu dugu kanpoko jendea etortzea.
Gainera, jaiak antolatzeak eskatzen duten lanek kohesioa bultzatzen dute auzotarren artean eta auzoko eragileen artean, eta jaien harira sortzen diren aliantzek ahalbidetzen dute urtean zehar gauza gehiago antolatzea. Pena da jaiak bertan behera geratu izana.
Auzo nahiko batua da, eta Donostiako Udalak hiriaren erdigunean jarduera asko antolatzen ditu, baina gure auzoan gu ibili behar gara horretan. Era berean, konfinamendu neurriek eragin dute gure bizilagunak gehiago ezagutzea, eta auzotarren arteko sareak indartzea. Esan bezala, pena da jaiak bertan behera geratu izana, uste dudalako festek konfinamenduan sortutakoa indartzeko aukera aproposa izango liratekeela, auzotar sentimendua gehiago indartzeko.
Derrigorrezko geldialdi honek onuraren bat ekar dezakeela uste duzu? Jaiak birpentsatzeko, barne kohesioa lantzeko, deskantsatzeko… Esan bezala, duela urte batzuk martxa ederra hartu du gure jaietako antolakuntzak, eta jai batzordean ondo ezagutzen dugu elkar. Talde kohesionatua da, eta horregatik gure kasuan ez dago gelditu eta hausnartu zein gauzak birpentsatzeko beharrik. Beti saiatzen gara gauza berriak pentsatzen, eta ikusten zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, baina orokorrean nahiko sendotuta dago dena.
Beste auzo batzuetako jai batzordeekin harremana izan duzue egoera honen harira? Gure inguruko jai batzordeekin hitz egin dugu, hasieran aukera ikusten genuelako jaiak atzeratzeko, eta inguruko auzoetako jaiekin ez kointziditzeko helburuarekin egin genuen. Azkenean, bertan behera gelditu dira denak.