"Gure auzoa beti izan da herri txiki bat"
Koronabirusaren krisiak ostalaritza gogor jo badu ere, Loiolako Elizalde tabernak 50 urte beteko ditu bihar. 1970ean ireki zuten Iñaki Elizalderen (Loiola, 1965) gurasoek, eta urte hauetan guztietan Loiola nola aldatu den bertatik bertara ikusi du Elizaldek, barraren atzetik, tabernak bere lekua egin baitu auzoan. Bestalde, orain ezinezkoa bada ere, urtea amaitu aurretik urteurrena ondo ospatuko dutela nabarmendu du.
Nola hasi zinen tabernan?
Amak eta aitak 1970ean hartu zuten taberna; larunbatean 50 urte egingo ditugu. Urteurren handia denez, jai bat egin behar genuen, baina atzeratu egin behar izan dugu. Sanferminak bertan behera utzi badituzte, gainontzeko jai guztiak ere bertan behera gelditzen dira [barrez].
Aita tabernan aritzen zen, ama sukaldean, eta ardoa saltzen genien beste tabernei, etxebizitzei, eta abarri. Ni oso gaztetan hasi nintzen hemen lan egiten. Urte onak izan ziren haiek; lan asko zegoen, baina patrika ondo zegoen. Txikiteoa jaisten hasi zenean, ordea, garagardoa ekarri nuen tabernara.
Bestalde, amak 1980an erretegi bat ireki zuen hemen bertan, baina 1994an itxi zuen, nekatuta zegoelako. Beraz, ardoak utzi genituen, eta taberna guztia berritu genuen –duela 30 urte–. 2015ean, ordea, berriz ireki genuen jatetxea; buruan nuen ideia, eta burugogorra naizenez, gaur egun jatetxea daukagu. Hain justu, ekainaren 1ean bost urte egin genituen jatetxearekin. Betiko janaria ematen dugu, nire amak egiten zuen moduan.
Loiolakoak zarete betidanik?
Aita Uliakoa da eta ama Hernanikoa; biek baserria zuten. Aitaren baserria Zelai Txiki zen, gaur egun jatetxe bat dena. Loiolara etorri ziren ni jaio baino pixka bat lehenago, hau da, loiolatarra ni naiz, auzokoa betidanik.
Nola aldatu da taberna urte hauetan guztietan?
Ardozaleentzako txikiteo bodega bat zen hasieran, eta asko saltzen genuen orduan. Ondoren, ni Foster garagardoaren banatzailea nintzenez, taberna berritu genuenean garagardoa ekarri genuen, eta orduan ere lan asko egiten genuen. 50 urteren ondoren, asko aldatu da dena.
Zein bezero mota dituzue?
Auzokoak izan gara beti, eta lokal handia dugunez, parranda batzuk egin izan ditugu jaietan. Urte onetan batez ere, 1990eko hamarkadan.
Ondoren, lokala berritu eta jatetxea ireki genuenean, Loiolako betiko jendeaz gain, Donostiako jende asko etortzen hasi zen.
Auzoko jaietan parte hartzen duzue?
Beti ibili izan gara hor. Ni jai batzordean sartu nintzen, baina ezin nuen gauza askorik egin, nahikoa nuelako tabernarekin eta jatetxearekin. Izan ere, jaietan lan asko izaten dugu, lau egun horiek oso gogorrak dira. Lehen, lan gehiago egiten genuen azken urteotan baino, baina egun horiek indarra izaten jarraitzen dute. Izan ere, gure auzoa beti izan da herri txiki bat; gure izaera mantentzen dugu, eta errekuperatzen ari gara lehengo giroa.
Jaietako jarduerak egin izan dituzue tabernan?
Lehen bai, baina orain ezin da, jendea kexatu egiten delako. Ni gaztea nintzenean mugimendu handia zegoen hemen, egia esan. Hala ere, gaua ez da lehen zen bezalakoa, eta ikusiko dugu hemendik aurrera nolakoa izango den.
Aurten faltan botako dituzue jaiak, ezta?
Noski baietz, lau egun horiek garrantzitsuak dira guretzat. Orain arte, abuztuaren 15etik 31ra oporrak hartzen genituen, jendea oporretara joaten delako eta Aste Nagusian jende gehiena Erdialde inguruan ibiltzen delako. Aurten, ordea, ez dut uste opor horiek hartuko ditugunik; ia hiru hilabete itxita izan dugu taberna, eta nahikoa da.
Nola aldatu da auzoa 50 urte hauetan?
Dena aldatzen ari da, leku guztietan bezala. Gure belaunaldian gazte asko ginen, eta gainera, parrandazaleak. 1980ko eta 1990eko hamarkadak gogorrak izan ziren krisiak izan zirelako, baina, hala ere, oso ondo pasa genuen.
Nola ikusten duzu auzoa gaur egun?
Pixkanaka errekuperatzen ari gara auzoa. Taberna politak daude, denok modernizatu gara eta igandetan jende asko etortzen da. Loiola toki polita da bizitzeko.
Zer moduz joan da konfinamendua?
Ez genekien noiz arte luzatuko zen egoera, eta buruari buelta asko ematen genizkion, nahigabe. Etxean sartuta ondo geunden, baina ostalaritzan gabiltzanok urduri geunden.
Horrenbeste urtetan beste krisi batzuk pasako zenituzten, ezta?
2008an, esaterako, nabaritzen zen jendeak diru gutxiago zuela, baina beti izan dugu lana, eta ez genuen bereziki nabaritu krisi hori. Gaur egun, nire emaztea eta biok bazkideak gara, eta beste lau langile dauzkagu kontratatuta. Izan ere, jatetxea handia da, 65 pertsona sartzen dira. Joan den asteburuan, esaterako, jatetxea edukiera erdiarekin ireki genuen eta terraza pixka bat ere badaukagu. Ondo, baina oso arraroa da dena.
Tabernarekin beste horrenbeste urte jarraitzeko gogoarekin ikusten zaitut.
Bueno, nik 55 urte dauzkat dagoeneko… Beste zortzi edo hamar urte jarraituta nahikoa izango da, ezta?
Zein da 50 urte irauteko sekretua?
Ez dakit, hau egunetik egunera doa, eta bizitza oso azkar pasatzen da.
50. urteurreneko jaia egin beharko duzue, ezta?
Bai, urtea amaitu aurretik tabernaren 50 urteak ospatuko ditugu, besarkadak eta musuak emateko aukera daukagunean, parranda pixka bat egin ahal izateko. Bestela, zertarako nahi dugu jai bat?