"Jaiak bertan behera uzteko erabakia hartzea oso zaila izan da"
Donostia Festak udal saileko zuzendaria da Maria Jesus Torres, eta 1994. urtetik ari da hor lanean. Sailaren eginkizuna da hirian egiten diren askotariko festa, jaialdi eta ekitaldiak antolatzea, eta horretarako, lanean ari dira orain ere, egoerara moldatu nahian.
Zeintzuk izan dira erabakia hartzeko irizpideak?
Osasun agintariek adierazi dituzte bide publikoko jardueren inguruan erabakiak hartzeko kontuan hartu diren irizpideak, tartean, jende pilaketak saihestea. Konfinamenduaren hasieratik, batekin eta bestearekin ibili gara hizketan, eta adierazi diegu jarduera gehienei eustea zela gure asmoa, betiere horiek egiteko baimena ematen baziguten. Ez genuen aurreikusten konfinamenduak hain luze joko zuenik, ezta alarma egoerak ere; are gutxiago pandemiaren bilakaeraren ondorioz Aste Nagusia eta gure auzoetako jaiak bertan behera utzi behar izatea. Hasieratik izan dugu jarrera hori, eta jaiak bertan behera uzteko erabakia hartzea oso zaila izan da. Gainera, ez dator bat gure sailaren azken helburuarekin: jaien bitartez, taldeko eta hiriko kidetza sustatzea.
Zer nolako erronka suposatu du horrek zuen lan taldean?
Gure lantaldearen ezaugarri nagusietako bat da ezustekoak gertatzen direnean erreakzio, ebazpen eta exekuzio gaitasuna izaten dugula. Dena den, inoiz ikusi gabeko egoera honetan, ziurgabetasuna sortu da gizartean, eta horrek nabarmen eragin dio gure lanari ere. Aldez edo moldez saiatu gara udako programazioarekin aurrera egiten. Asko ilundu digu gogoa: talde eta profesional ugarik gure lanaren arabera egiten dute aurrera beren proiektu profesionaletan. Gure lan gogorrenetako bat izan da haien proposamenak entzun, eta bizi duten egoeraz eta aurrean duten etorkizunaz hitz egitea.
Nola uste duzu eragingo duela horrek auzoetan eta hirian?
Gure hiriaren ezaugarri osasungarrienetako bat da herritarrek egunaren zati handi batez kalean bizitzeko joera dutela, udan batez ere, eguraldi onaz, familiaren eta lagunen konpainiaz, eta bide publikoan egiten diren jai eta kultura jarduerez eta abarrez gozatuz. Ez dago dudarik gure kaleko kulturaren zati handi bat kaltetuta aterako dela udaran gauzak egiteari uzteko aurreikuspen horren ondorioz. Agian, gure gogoa ere aterako da kaltetuta, eta uda tristeagoa izango da, edo kemen txikiagokoa, grisagoa. Hala ere, batzuetan beharrezkoa da erabakiak hartzea; izan ere, guztiontzat gogobetegarriak ez izan arren, guztion ongizatea babestearren hartzen dira eta, oraingoan, komenigarria ikusi dugu erabaki hori hartzea, gero hutsegite handiagoak jasan behar ez izateko.
Jairik ez da izango udan, baina bestelako jarduerarik aurreikusi duzue?
Ziurgabetasuna argitu ahala, eta bide publikoa jaietarako erabiltzeko irizpideak arindu ahala, kalera itzuliko garela espero dugu. Gure lana da herritarrei aisialdi eta kulturarako espazioak eskaintzea. Askotariko aukerak aztertzen ari gara, unean-unean bizi dugun egoerarekin bat etortzeko. Kondizioek utzi bezain laster, berriz izango gara kalean!