Plastikoak itotzen gaitu
Plastikoz inguratuta bizi gara, eta zoritxarrez, itsasoa ere plastikoz blai. Ibaietatik iristen dira eta lehorrean dute jatorria %85ean. Honezkero gorputzean ere mikroplastikoa badugu, eta martxa honetan geure burua plastifikatuko dugu. Murriztu kontsumoa eta erabilera, txikitik hasita gauza handiak lor daitezke eta!
Azkenean konturatu gara (ala akaso oraindik ez?), jakinaren gainean ez bageunden jada, erruz erabiltzen dugun plastikoa gainezka egiten ari zaigula, bai erreketan, bai itsasoan, bai mendian… zoritxarrez nonahi agertzen da. Esan daiteke plastikoz inguratuta bizi garela.
Toki imajinaezinetan topatzen ari dira. Ikusgarriak izan ziren Euskal Herriko itsas azpian grabatutako irudiak, itzelak. Era berean, hedabideek tarteka ikustarazten dituzten itsasoetako plastikozko irlek, plastikoetan trabatutako arrain eta zetazeoek ikaratzen gaituzte, baina ez da ezer aldatzen.
Ezin ahaztu Zaldibarko auzia, non bi lagun, bi langile, desagertu ziren zaborrak irentsita. Oraindik ez ditugu aurkitu, baina ez da ezer gertatzen. Zer pentsatu eman beharko liguke. Izan ere sortzen ditugun hondakinak, hirikoak nahiz industrialak, nora doazen ere ez baitakigu. Diruak agintzen duen gizarte honetan, hondakinak negozio bilakatu dira, bestela Zaldibar edo Zubietako erraustegiari so egin, agerian da.
Industria handietan sortzen diren hondakinek beste idazki bat merezi lukete. Soilik hain gertu dugun eta besteak beste minbizia eragin dezaketen ikustezinezko partikulak isuriko dituen errauskailu madarikatua aipatu nahiko genuke. Bai garbigailua bailitzan saldu diguten hori eta honezkero azpiko errekan zegoen bizitza guztiz garbitu duena. Ofizialki martxan ez egon arren, kea dario eta denok ikusi dugu nola handik isuritako amoniakoak ehunka arrain akabatzen zituen. Dimisiorik edo kargugabetzerik entzun al duzue? Epaileek esan beharko dute…
Askori ulertezina egiten zaigu mendian ere, hondakinak han eta hemen topatzea: latak, zilar paperak, plastikozko poltsak edo gel eta barrita energetikoak biltzekoak. Beterik zeudenean mendian gora eramandako ontzien pisua, gero, behin hustuta, ezin jasan? Zergatik ez dituzte birziklatzeko ontzira eramaten? Profesionalek proba ofizialetan ez dutelako egiten akaso? Maila ona erakusten dute batzuek, bai!
Plastifikatuak
Baina itzul gaitezen plastikora. Guk zeregin handia dugu auzi horretan, plastikoaren kontsumoa murriztetik hasiz, esaterako, dendara joaten garenean fruta bila, berrerabilgarriak diren poltsak erabiliz edo arraindegian tuperrak baliatuz. Zaila baino, ohitura kontua da. Erosketak egiterakoan erraz gutxitu daitezke sorturiko hondakinak jaki freskuak eta gutxi edo batere ez bilduta dauden produktuak aukeratuz. Gainera, masiboki horrela eginez gero, ekoizleak eta hornitzaileak berehala konturatuko dira soberan daudela plastikozko bilgarriak. Kalitate gehiago, eta apaingarri gutxiago.
Bestalde, kirol proben inguruan gertatzen ari denari buruz hausnarketa egiteko eskatzen dugu. Gehienetan erabilera bakarreko plastikozko edalontziak edo botilak banatzen dira, plastikozko poltsak, latak… maiz lurrean bukatzen dutenak, bazterrak penagarri utziz. Proba amaituta, fruta hondakinekin batera errefusa-ontzira biltzen dira gehienetan eta onartezina iruditzen zaigu. Inoiz ez da berandu, alda dezagun etorkizuna.
Modu berean, koronabirusa eta itxialdia iritsi arte bogan zegoen pintxo-potean antzekoa gertatu ohi da. Erabilera bakarreko platerak eta edalontziak kaleetan barreiatuta geratzen dira udal zerbitzuek garbi ditzaten. Etekinak pribatuak eta gastuak publikoak, Ederki! Eta zer esan euria egiten dueneko aterkiak plastikozko zorro batean biltzeko moda eroaz! Hor pilatzen dira haizeak eramaten ez dituenean eta soilik suertea bada birziklatuko dira. Ezin da bueltatu sarrera ondoko aterki-ontzietara?
Itsasoa lehorrean hasten da
Industrialdeetan, zenbat plastiko hondakin biltzen dira inguruetan? Inork ez du erantzukizunik? Utzikeria handia ikusten da. Edozeinetara hurbilduz gero, bazterrak plastikoz josita daude. Ondoko errekastoak plastikoz gainezka eta handik, ibai haundietatik barrena, itsasora. Plastikoen %85 inguruk lehorrean du jatorria. Hortaz, Donibane Garaziko estoldetan irakurritakoa hona ekarri nahi genuke: ‘Ez bota ezer, itsasoa hemen hasten da’.
Amaitzeko, Covid-19aren pandemiarekin plastikoaren konsumoa handitu dela aipatu nahi genuke. Ikaragarriak dira zabaldutako irudiak, hipermerkatu bateko parkinean grabaturikoak, eskularru eta maskara pila lurrean zirela, ondoko errekara joateko, eta gero itsasoan bukatzeko arriskuarekin. Itsasoak, ordea, bueltatzen dizkigu hondakinak, kostaldea zikinduz, eta hondartzak estaliz, baina ez soilik.
Gero eta ugariagoak dira iresten ditugun mikroplastikoak jaten digun arrainetan. Ama Lurrari egiten dioguna geure buruari egiten diogula konturatuko al gara inoiz? Kontsumo ohiturak aldatu ala plastikoan ito. Egungo egoera larria da, esnatu! Txikitik hasita denon artean gauza handiak egin ditzakegu eta!