Santa Klara irlak kalte larriak jasan dituela salatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak
EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeek Santa Klara irlako itsasargiaren lanek utzitako egoera erakusten duen bideo bat zabaldu dute. Asteburuan grabaturikoa da, eta bi udal taldeek salatu dute irlaren goiko aldean “kalte larriak” eragin dituztela.
Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak eta Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak jakinarazi dute Udal Batzordean ekimen bat aurkeztuko dutela, “uhartearen ingurune babestu eta bereziari egindako eraso larri honen arrazoiari buruzko azalpenak eskatzeko”. Ondorengo galdera ere plazaratu dute: “Ikusitakoak ikusita, zeinek hartuko du bere gain itsasargiaren inguruko eremu zabalean egindako txikizioaren ardura?”.
Itsasargiko obraren aurrean hiriko hainbat eragile “oso kritiko” agertu direla gogoratu du Garaik. “Ildo horretan, hainbat talde ekologistak behin eta berriz eskatu zuten ingurugiroaren babesa blindatzeko. Hala ere, udal gobernuak ez ditu eskaera horiek entzun, eta orain inguru natural honi egindako eraso larri honen berri izan dugu”. Era berean, nabarmendu du Santa Klara uhartea babes bereziko eremua dela Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren arabera.
Iazko uztailean bi udal taldeek Eneko Goia alkateari eskatu zioten beharrezko neurriak har zitzala uhartearen ingurumena babesteko, haren babes bereziko kategoria kontuan hartuta, eta urtea amaitu baino lehen aurkez zezala uharteko proiektu eskultorikoaren ingurumen-inpaktuari buruzko txosten bat, ingurunea babesten dela ziurtatzeko. Ondoren, iazko urrian obra gelditzeko eskatu zuten. “Besteak beste, itsasargiaren eraikineko obrak ingurumenean izango zuen eraginari buruzko plan bat egin zedin. Baina alkateak plana baztertu zuen; izan ere, bere hitzetan, esku-hartzea itsasargiaren eraikinaren barrualdera mugatzen da eta, beraz, ingurunea errespetatuko zen”, azaldu du Ormazabalek.
Proiektuak aurrera jarraitu du eta bi udal taldeek adierazi dute udal gobernuak ez duela egin irlako itsasargiko esku-hartze artistikoaren ingurumen-inpaktuaren txostena. 2018ko azaroko osoko bilkuran onartu zen. “Ez du inolako ekintzarik egin uharteak behar duen ingurumen-babesa bermatzeko. Alderantziz, egiaztatu ahal izan duguna da alkateak erakutsi duen axolagabekeriak ingurumen kalte larriak eragin ditu uhartean”, dio Ormazabalek.