«Une honetan beldurra ematen digu gure jai gunea galtzeak»
Uztailaren 16tik 20ra egin behar zituzten kaiko Karmengo jaiak, baina, karramarroa ezingo da kukañaren gainetik ibili aurten. Jai batzordea ados dago jaiak bertan behera uzteko erabakiarekin, baina festak beste modu batera egitearen alde agertu dira.
Zer iruditzen zaizue erabakia?
Guztion osasuna bermatzeari begira, erabakiarekin bat gatoz. Baina ikusita konfinamenduaren arintzea nola doan, eta beste jai eredu batzuk posible izango direla, iruditzen zaigu jai herrikoiak ez dituztela kontuan hartu, egoera berri honetara egokitu daitezkeen jai eredu posibleak egiteko. Beste eredu batean oinarritutako egitarau bat egin daitekeela iruditzen zaigu, beti ere baldintzak ematen badira, eta denon segurtasuna kontuan hartzen bada.
Jai batzordeak bazuen zerbait antolatuta aurtengo jaietarako?
Hasiak ginen gure egitaraua betetzen ezezkoa jaso genuen arte, esaterako, kontzertu gehienak lotuta eta adostuta genituen, eta urtero egitarauaren parte diren ekintzak lotuta genituen. Ezezkoa jaso genuenean, antolatzen hasi ginen beste eredu bateko egitaraua osatu ahal izateko. Horretan lanean gabiltza, eta gure asmoa zerbait egitea da. Donostia Kulturarekin harremanetan gaude zerbait egin ahal izateko. Beraien aldetik erantzun positibo bat jasotzea espero dugu. Bitartean, horretan lanean jarraituko dugu, auzoarentzako hain garrantzitsuak diren jaiak aurrera ateratzen, beti ere auzotar guztion segurtasuna lehenetsiz.
Nola eragingo du horrek auzoan?
Pena handiz hartu genuen albistea. Jaietan auzotar orok hartzen du parte, eta oso egun bereziak izaten dira, asko eta asko elkartzen baikara, haurretatik hasi eta gure arrantzaleetaraino. Albistea jaso eta zuzenean, auzoarentzako ohar bat atera genuen, albistea emateko. Egoera asko aldatu zaigu azken urteotan, eta turistez beteriko auzoa dugu gurea, Karmengo jaiak, auzo honetan eta egoera honetan oasi txiki bat dira. Beldurra dugu egoera honek hurrengo urteei begira nola eragingo digun. Azkenaldian oztopo asko izan ditugu jaiak aurrera ateratzeko, eta ez dakigu nora eramango gaituen egoera honek.
Eta jai batzordearengan?
Galera ekonomikoei dagokienean, ez ditugu aurreikusten, azkenean, jaiak egingo ez badira, gastu eta sarrerarik ez dugulako izango. Eremuari dagokionez, tasak ordaintzeaz libratuko gara, baina horrek ez digu inongo lasaitasunik ematen. Hain zuzen, jaiak kaian egiten ditugunez, eremuarekin izan dugun arazoetako bat da tasen ordainketa, baina une honetan beldurra ematen digu gure jai gunea galtzeak, urteetan zehar eduki ditugulako askotariko oztopoak, ez soilik ekonomikoak.
Dena den, lanean jarraituko dugu jai herrikoi, euskaldun eta parekideak modu batean edo bestean kaian ospa daitezen. Egoera honen aurrean ez gara besoak gurutzatuta geratuko, eta modu berriak asmatu beharko ditugu. Dei egiten diogu auzotar orori antolatzera eta ekintzetan parte hartzera. Auzoa saretzen jarraitu nahi dugu, auzo bizi batek alaitasuna beharrezkoa duelako!