Metroa egiteko lanek lur jausi bat eragin dute Zubieta kaleko eraikin bateko sotoan
Istripu teknikotzat jo du metroaren lanen zuzendariak, Jose Mari Gutierrezek: "Obra bat egiterakoan sor daitekeen arazo bat izan da, eta hainbat txosten egin ditugun arren, hau ezin izan da aurreikusi".
Eguerdiko hamabietan izan da lur jausia, Londres hotelaren ondoko eraikinean, Zubieta kaleko 8. zenbakian, sotoan. Inguru honetan, lur azpian, metroaren lanak egiten ari dira, eta baieztatu dute lurrazpiko tunela egiteko lanek eragin dutela lur jausia.
Zubieta kaleko 9. eta 10. zenbakia ere hustu dituzte, baita Londres hotela eta Hegalak kirol zentroa ere, eta Zubieta kaleko zirkulazioa eten dute. Kontxa pasealekuko zati bat moztu egin dute, segurtasunagatik.
Eraikina lur azpian egiten ari diren lanetatik 120 metrora dago, eta Metroaren lanen zuzendariak azaldu du tunelean izan den ur isuri batek eragin dituela kalteak. Esan du “itxuraz” ez dagoela kalterik eraikinaren egituran, eta egitura guztia aztertzen ari direla segurtasuna bermatzeko.
Kontxa eta ingurua zona karstikoa dela esan du zuzendariak, eta tunela egiterakoan, ur isuriek harea mugitu dutela, eta horrek eragin dituela kalteak Zubieta kaleko 8. zenbakian. Hondarra mugitu da eta eraikinaren pilareetako baten oinarria kaltetu du. Eraikinaren sotoan agertu da zuloa –hiru metroko sakonera eta zabalera du– eta hormigoiarekin estaltzen ari dira.
Lanen zuzendariak esan du goizeko zazpietan hasi zirela lanean metroko tunelean, eta gero eta ur gehiago ateratzen ari zela nabaritu dutela. Bizilagunek ohartarazi dute gertatutakoaz, zarata ozen bat entzun baitute, eta haiek deitu diete suhiltzaileei. 8. zenbakia eta ingurukoak hustu dituzte suhiltzaileek.
Satorralaia bizilagunen mugimenduak salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela inongo azterketarik egin Metroaren obrak hiriguneko eraikinetan eragindako kalteen inguruan: “Gaurko gertaera larriaz gain, azpimarragarria da, duen larritasunagatik, Easo kalearen (1 zenbakia) eta Zubieta kalearen (1-E zenbakia) izkineko eraikin batean ere gertatu den ezegonkortze estrukturala, duela zenbait hilabetez geroztik etxearen egitura osoa mugitu eta obraren alderantz okertu baita eraikin beste eraikin hori. Eraikinen egiturazko desestabilizazioa agertzen dute gertaera garrantzitsu hauek erakusten dutenez, lurpeko azpiegitura lan handi hori egiteak arrisku larriak ditu Donostiako hiri-erdialdeko eta Amara auzoko hareatza-lurren gainean zimendatuta dauden eraikinentzat”.
Obrak hamarnaka etxebizitzetan pitzadurak, arrakalak eta bestelako kalteak eragin dituelako bizilagunen salaketak ugaritu direla esan du Satorralaiak ohar baten bidez.