Gladys del Estal omendu dute bere hilketaren 41. urteurrenean
Ekainaren 6an 41 urte bete ziren Espainiako Guardia Zibilak Gladys del Estal Egiako bizilaguna Tuteran tiroz hil zuenetik, Energia Nuklearraren Kontrako Nazioarteko Ekintza Eguneko mobilizazioetan, eta urteroko legez, omenaldia egin zuten. Eguerdian hasi zuten Bulebarrean, handik abiatu baitzen bizikleta martxa, Egiako parkeraino. Ondoren, jendetza bildu zen parkearen goiko partean, Egiako gaztearen monolitoa dagoen lekuan, eta aurreskua, lore eskaintza eta kantak izan ziren.
Hitzaldian gaur egungo egoerari erreferentzia egin zioten hainbatetan: “Osasun krisiak areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen, kontsumo eta bizimodu aldaketa baten beharra. Aldaketa hori egin ezean, ‘normaltasun berria’ normaltasun zaharra baino ez da izango”. Horrela, pandemia heldu aurretiko “normaltasun anormala” kritikatu zuten, eta mugimendu ekologista jarrera aktiboa hartzera deitu zuten.