Errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntzak eskaintzen dituztela gogorarazi dute udaleko Euskara zerbitzutik
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzutik gogorarazi dute errotuluak euskaraz ipintzeko dirulaguntzak eta doako zerbitzua eskaintzen dituztela. Dirulaguntzei dagokienez, aurten hiriko establezimendu orok aukera izango du barruko zein kanpoko errotuluak aldatzeko dirulaguntza jasotzeko. Horretarako, zehazki, 20.000 euro bideratu ditu Euskara zerbitzuak. Eskaerak Euskara zerbitzuko webgunean eta lotura honetan egin daitezke, baita aurrez aurre ere, Konstituzio plazako udaleko egoitzan.
Bestalde, testuak euskaratzeko, zuzentzeko edo besterik gabe kontsultak egiteko zerbitzua ere eskaintzen dutela ere oroitarazi dute. Lotura honetan informazio guztia aurki daiteke.
Udaletik azpimarratu dute aurten, koronabirusa dela eta, inguruko bezeroak izango dituztela batik bat ostalariek, eta horietatik asko euskaldunak izango direla. Hain zuzen ere, Jon Insausti Kultura eta Euskarako zinegotziak adierazi duenez, donostiarren %60ak eta gipuzkoarren %80ak euskara ulertzen du. “Bezero horiei euskarazko zerbitzua ematea eta eta establezimendu barruko zein kanpoko oharrak euskaraz idatzita egotea onuragarria izango da establezimenduarentzat, eta bezeroak erosoago sentituko dira”, berretsi du Insaustik.