Etxera itzul daitezke Zubieta kaleko 8. zenbakiko bizilagunak

ETSk egindako txosten teknikoaren arabera, Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinak segurtasun arauak bermatzen ditu. Hori dela eta, Donostiako Udalak bizilagunei baimena eman die euren etxebizitzetara itzultzeko. Hain zuzen ere, udaleko zein Eusko Jaurlaritzako ordezkariak bizilagunekin bildu dira txostenaren berri emateko. Hilaren 5ean gertatu zen Zubieta kaleko lur jausia.
“Segurtasun aldetik ez dago eragozpenik etxera bueltatzeko, eta nahiko lasai itzuli ahal izango dira”, adierazi du Nekane Arzallusek, Hirigintzako zinegotziak. Udalak txosten tekniko bat egiteko eskatu zion ETSri, eta azken egunetan ikerketak egiten aritu dira. Eraikinean zerbait gehiago egin behar den jakiteko ETSri beste txosten bat eskatu diote. Arzallusek bizilagunei eskerrak eman nahi izan dizkie luizia gertatu ondoren izandako jarrerarengatik. “Bizilagunak zoriondu behar ditut izan duten jarrera egun hauetan oso ona izan delako. Urduri zeuden hasieran, eta orain lasaiago aurkezturiko txostenarengatik”.
Kontxako lanak geldirik
Bizilagunekin izandako bileraren xehetasun gehiago eman ditu Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak. “Goizean goiz tunelera sartzen zen uraren bidea ixtea lortu dute. Bestalde, hirugarren egunez jarraian arkitektoak eraikina aztertu du, eta segurua dela ondorioztatu du. Bizilagunak lasai geratu dira. Lasai itzul daitezke euren etxebizitzetara. HAsieratik dakite zein ondorio izan dituen lur jausiak eta zein ikerketa egin ditugun”.
Metroaren lanak eten ez badituzte ere, Kontxako tunelaren zulaketa-lanak ostiraletik geldirik daudela baieztatu du Aizek: “Lanak berrabiarazteko ikerketa batzuk egin behar ditugu, batez ere lurraren egoeraren ingurukoak. Lan horiekin jarraitu ahal izango dela uste dugu”.