Porrontxo jaien inguruan hitz egiteko kuadrillen bilera egingo dute bihar
Koronabirusaren pandemia dela eta udan egiten diren hainbat jai eta jaialdi bertan behera uztea erabaki du Donostiako Udalak, besteak beste, auzoetako jaiak.
Irailean egiten dira Egiako Porrontxo jaiak, hain zuzen, irailaren 14tik 20ra daude aurreikusita; horregatik, “jaietan egin ahal izango dutenaren inguruan” hitz egiteko bilera egingo dute auzoko kuadrillek asteazkenean. 19:30ean izango da, Plaza Haundin, eta jai batzordekoek azaldu dutenez, pertsonen arteko segurtasun distantziak mantentzeko, elkarren arteak banandutako aulkietan eseri beharko dute parte hartzaileek.
Bileran honako gaiak jorratuko dituzte: alde batetik, pandemiak eragindako egoerari buruzko azalpenak emango dituzte; bestetik, jaiak egiteko kuadrillek duten prestutasunari buruzko iritziak emango dituzte, eta horren inguruko erabakiak hartuko dituzte. Azkenik, baiezkoa ateratzen bada, jai berrien antolakuntzaren inguruan hitz egingo dute, eta dauden proposamenak eztabaidatuko dituzte.
“Aurten inoiz baino gehiago, zuen laguntza behar dugu!”, luzatu diete deia Egiako kuadrillei.