Ekainaren 19an goizez eta arratsaldez egingo ditu mobilizazioak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekainaren 19rako mobilizazioak iragartzeko agerraldia egin du Plaza Haundin. (Argazkia: Irati Salsamendi)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekainaren 19rako mobilizazioak iragartzeko agerraldia egin du Plaza Haundin. (Argazkia: Irati Salsamendi)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekainaren 19rako mobilizazioak iragarri berri ditu. Egiako Plaza Haundin egindako agerraldi batean, Euskal Herriko lau hiriburutan egingo diren protesten berri eman du plataformak: goizean eta arratsaldean egingo dituzte mobilizazioak hiriburuetan, eta beste hainbat herritan ere arratsalderako deitu dituzte protestak.

Donostian, Alderdi Ederren hasiko da goizekoa, 11:30ean, eta Bulebarrean arratsaldekoa, 18:30ean.

Agerraldian, Karta Sozialak jorratutako zazpi alorretako neurriak proposatu dituzte, eta horiek aldarrikatuko dituzte hilaren 19an, Publikoa eta funtsezko zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza! lelopean. Han izan dira plataforma osatzen duten eragile ugaritako ordezkariak; horien artean izan dira Garbiñe Aranburu, LAB sindikatuko idazkari nagusia, eta Mitxel Lakuntza, ELA sindikatuko idazkari nagusia.

Sistema berri baten beharra
Aranburuk nabarmendu du ekainaren 19ko mobilizazioek urtarrilaren 30eko greban dutela abiapuntua, eta gogoratu du orduan egindako aldarrikapenen antzinatasuna: “Greba orokorrean aldarrikatu genituen arrazoiak indarrean daude oraindik, pandemiaren ondorioz, mobilizatzeko arrazoi berriak ditugu orain.

Era berean, adierazi du COVID-19ak eragindako krisiak irakaspen ugari utzi dituela: besteak beste, osasun sistema publiko duin baten beharra, eta oro har, sistema publikoen garrantzia; bizitza sostengatzen duten zaintza lanen beharra eta aitortzarako premia; eta lan sistemaren berrantolaketa. Izan ere, esan du pandemiak agerian utzi duela lan sistemaren prekarietatea, eta nabarmendu ditu prekarietatearen ondorio latzenak pairatzen dituzten kolektiboak, hala nola, gazteak eta etxeko langile migratzaile eta arrazializatuak.

Aranburuk mobilizatzera dei egin du, eta denen bizitzak erdigunean jarriko dituen sistema baten alde borrokatzeko beharra nabarmendu du: “Ez dugu ezer berreraiki nahi, sistema berri bat nahi dugu, eta horretarako kalera aterako gara”.

Agerraldian hitza hartu du ere Lakuntzak, eta adierazi du Eskubideen Karta Sozialaren mobilizazioek balio behar dutela “gaur egungo egoeraren irteera egokia non dagoen aldarrikatzeko”. ELAko idazkari nagusiak adierazi du irteera egokia aurkitzeko bi bide jarraitu beharko direla: alde batetik, zerbitzu publikoak indartzeko bidea; eta bestetik, 2008ko krisiaren aurrean hartutako neurriak ez errepikatzea. “Ez dugu ahaztu behar 2008an gertatutakoa, ezta konfinamendu garaian egindako txaloak erez. Kontzientziak astindu, eta mobilizatzeko unea da”, esan du Lakuntzak.

Zapi esparrutarako neurriak
Eskubideen Karta Sozialak zapi neurritan laburbildu ditu bere aldarrikapenak, eta horiek izango dira ekainaren 19ko mobilizazioen funtsa. Halaber, agerraldian azaldu dutenez, datorren ikasturtean ekingo dioten aldarrikapen taula hori modu sakonagoan lantzeari. Honakoak dira zazpi neurriak:

1. Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza eta elkarte, adin txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza, eta abar), azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile eta hezitzaileak), eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.

2. Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.

3. Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.

4. 1.080 euroko gutxieneko diru sarrera erretiroa hartuta duten pertsonentzat.

5. 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehienezko lanaldia.

6. Fiskalitate berria: Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia errenta altu, kapital errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7. Administrazio egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregulazioa.

HITZAkide HITZAkide