Gazteak kalera itzuli direla ohartarazi, eta 'Salto!' dinamika aurkeztu du Ernaik

Easo plazako kioskoan aurkeztu du Ernaik 'Salto!' dinamika. (Argazkia: Ernai gazte antolakundea) Easo plazako kioskoan aurkeztu du Ernaik 'Salto!' dinamika. (Argazkia: Ernai gazte antolakundea)

Ernai gazte antolakundeak agerraldi bat egin zuen atzo, Easo plazako kioskoan. Agerraldian eta zabaldutako oharrean adierazitakoaren arabera, COVID-19ak eragindako krisialdiak beste krisi batzuk azalerazi dituela uste dute, eta horren aurrean, gazteak “lehen lerroan” egongo direla baieztatu dute. Horretarako, Salto! lelopean, dinamika berri bat aurkeztu du Ernaik.

Izar Hernandok, gazte antolakundeko bozeramaileak, iragarri zuen datorren astean hitzaldi sorta bat, eta bestelako hainbat egitasmo eta mobilizazio egingo dituztela: “Krisiei salto egin, eta aurpegi anitzetatik erantzungo diegu. herri eta auzoetako kaleak hartuko ditugu”, gaineratu zuen. Datozen egunetan emango dute jarduera horien berri.

Ernairen ustez, osasun krisiak “bistakoak ez ziren” krisi batzuk azalerazi ditu, besteak beste, zaintza krisia, krisialdi ekologikoa, krisi soziala eta ekonomikoa, eta lurralde krisia.

Era berean, pandemiaren aurreko garaian jarri dute begirada, eta kritikatu dute koronabirusak “krisiari aurre egiteko egoera prekarioan” harrapatu dituela herritarrak; hain zuzen, zerbitzu publikoetan egindako murrizketak kritikatu dituzte, eta salatu dute horren oinarrian sistema kapitalista dagoela: “Kapitalismo heteropatriarkala da birusa. Sistema hau da pandemia”.

Gazteek ohartarazi dute osasun krisiari krisi sozioekonomiko batek hartuko diola segida, eta azpimarratu dute horri mobilizazio olatu eta aliantza anitzekin erantzungo diola Euskal Herriak: “Datorren egoerari erantzuteko garrantzi handikoa izango da kaleak berrartzea. Mugimendu sozialek euren aldarriak eta borrokak kaleratzea. Ezin gara isilik gelditu datorrenaren aurrean”.

Salto! dinamikaren barruan, hainbat ildo jorratuko dituzte gazteek, eta horien helburua izango da kapitalaren aurrean bizitzak erdigunean jartzea: “Gazteok salto egingo dugu krisia kapitalak ordaindu dezan, bizitzen alde salto egingo dugu, espainiar autoritarismoari eta zentralizazioari, gazteok salto! Bizi berri batera, gazteok salto!”, adierazi dute.

HITZAkide HITZAkide