EH Bilduk erantzukizun politikoak eskatu ditu Zubietako kaleko luiziagatik
Zubieta kaleko 8. zenbakian gertaturiko lur-jausiaren inguruko azalpenak eskatu ditu EH Bilduk. Reyes Carrere Donostiako bozeramaileak, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak eta Garbiñe Alkiza zinegotziak luizia gertaturiko eremua bisitatu zuten atzo. Obraren diseinuan izandako akatsen inguruko azalpenak eskatu dituzte, “pertsona askoren bizitza arriskuan jarri baitu akats horrek”. Era berean, azalpenak eskatu dizkiote udal gobernuari, “hasiera batean metroak zerikusirik ez zuela esateagatik”.
EH Bilduko hiru ordezkariek EAJri eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete “aurpegia emateko, gertatutakoaren erantzukizuna norena den azaltzeko eta ondorio politikoak izan ditzala edozein dela ere arduraduna”. Carrere kezkatuta dago lur-jausia gertatu den eremuaren segurtasunarengatik: “Behin eta berriz inprobisatzen ari dira: orain jakin dugu lurpean bazirela identifikatu gabeko harri mota batzuk, baina ekainaren 5a arte dena segurua zela zioten. Herritarren eta langileen segurtasunagatik, eremu osoaren azterketa sakona egiteko eskatzen dugu. Ezin da lanean jarraitu zulotik 30 metro eskasera, ezer gertatuko ez balitz bezala”. Bestalde, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak luizia gertatu eta gutxira egindako adierazpenak gogora ekarri ditu. Arzallusek esan zuen gertatutakoak ez zuela loturarik metroko lanekin. “Zein informaziotan oinarritu zen Nekane Arzallus harremanik ez zegoela ziurtatzeko? Zergatik ez ditu oraindik honi buruzko azalpenik eman?”.
Kortajarenak, berriz, erantzukizun politikoak eskatu ditu: “Nork hartuko du bere gain egindako akatsaren erantzukizuna? Tapia sailburuak berak? ETSko ordezkariak? Garraio Saileko kargu politikoren bat? Oraindik inork ez du autokritikarik egin. Kontrara, kontuari garrantzia kendu nahian dabiltzala eta honen inguruko ardura politikoak saihestu nahian”. Gertaturikoaren azalpenak eskatzeko aipaturiko galderak egingo ditu EH Bilduk Donostiako udalean eta Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean.