Herritarrek Euskararen Plan Orokorrari ekarpenak egin ahal izango dizkiote ekainaren 19ra arte
Donostiako Udaleko Euskara zerbitzua 2020-2024 aldirako Euskararen Plan Orokorra osatzen ari da, eta dagoeneko behin-behineko bertsio bat argitaratu dute herritarrek euren ekarpenak egin ahal izateko. Ekarpen horiek ekainaren 19ra arte jasoko dira, udala_euskara@donostia.eus posta elektronikoan.
Plan berria diseinatu aurretik, aurreko bost urtetakoaren balorazioa egin du udalak, emaitza kontuan izateko. Era berean, plan honetako helburuak eta ekintzak hiriko hainbat eragilerekin landu dira, hala nola Euskararen Kontseilu Sektorialeko kideekin, Auzoetako Euskara Batzordeetako ordezkariekin eta udal ordezkari politikoekin. Gainera, plana osatzerakoan koronabirusak sortutako egoera kontuan hartu dutela esan dute udaletik. Izan ere, planaren diseinua ia-ia amaituta zegoela etorri zen pandemia, eta horren ondorioz dagozkion egokitzapenak egin dizkiote.
Orain herritarren txanda da. Udaletik azpimarratu dute plana osatzeko “donostiarren parte-hartzea oso garrantzitsua” izango dela. Planaren behin-behineko bertsioa lotura honetan kontsultatu daiteke.