Ixone Santamaria Vidanek irabazi du Zinea.eus atariaren VI. Kritika Lehiaketa
Ixone Santamaria Vidan gasteiztarra izan da VI. Kritika Lehiaketaren irabazlea. Zinea.eus atariak urtero egiten duen zinema kritika lehiaketa irabazi ostean, aste honetatik aurrera urtebetez idatziko ditu kritikak zinemari buruzko atarian. Bide batez, bien arteko kolaborazioaren bitartez, Irutxuloko Hitzak astero argitaratzen du kritika astekarian eta webgunean.
Hain zuzen, Santamariak Sara Hernandez Askasibarri hartuko dio erreleboa hemendik aurrera, eta azken urtean egindako lana eskertzeko, honakoa adierazi dute Zinea.eus-eko kideek: “Uste baino azkarrago igaro da urtea, eta hamabi hilabetez, astero-astero, gurekin kolaboratzen aritu ostean, Sara Hernandezek datorren astean idatziko du atarirako bere azken kritika. Lan bikaina egin du, euskal filmak, atzerrikoak, klasiko zahar zein garaikideak, eta genero guztietako proposamenak gurera ekarrita. Donostia Zinemaldian ere buru-belarri aritu zen, Irizar Sariko epaimahaikide lanak gure atarian publikatzeko hainbat testuren idazketarekin partekatuz. Oso eskertuta gaude, primerako lankidea izan delako. Ederra izan da zu ezagutzea, Sara!”.
Santamariak Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa (2019) filmaren iruzkina aurkeztu du VI. Kritika Lehiaketara, eta epaimahaikideek testuaren “kalitatea eta argitasuna” nabarmendu dute. Honakoek osatu dute epaimahaia: Iratxe Fresneda Delgadok euskal zinemagile, gidoilari eta unibertsitateko irakasleak; Jara Ayucarrek, Zineuskadi elkartearen ordezkariak; eta Donostiako Kresala Zineklubeko lantaldeak.
Lehen asterako, Lur Olaizola donostiarraren Xulia film laburrari buruzko kritika idatzi du Santamariak.