Tabakalerako zinema aretoak ekainaren 17an irekiko ditu ateak
(Argazkia: Tabakalera) Tabakalerako zinema-aretoak berriz ere ekingo dio jarduerari. Ekainaren 17an, asteazkenean, zabalduko ditu ateak, eta koronabirusa dela eta bertan behera utzitako programazioa berreskuratzeaz gain, udako programazioa ere eskainiko du. Guztira 30 emanaldi egingo dira, Donostiako Zinemaldira arte, eta proiekzioak asteazken eta igandetan, 19:00etan, izango dira. Udako programa osoa lotura honetan kontsultatu daiteke.
Segurtasun neurriak betetzeko, zinemak %60ko edukiera izango du udan, alegia, 137 eserleku. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, bai areto barruan, baita Tabakalerako gainontzeko guneetan ere.
Sarrerei dagokienez, bihartik, ekainaren 12tik aurrera Tabakalerako webgunean eskuratu ahal izango dira. Zehazki, eguerdiko 12:00tan jarriko dira salgai. Kultura zentrotik sarrerak aldez aurretik erosteko gomendatu dute.
Zinema aretoak saioa hasi baino 30 minutu lehenago zabalduko ditu ateak, ilarak saihesteko, eta ikusleek eserlekuak hautatu eta lasaitasunez eseritzeko. Bestalde, Zine Bonuak ere urte amaierara arte erabili ahal izango dira. Horien inguruko zalantzak galdetzeko 943118855 telefonora deitu, info@tabakalera.eu posta elektronikora idatzi edo 0. solairuko informazio puntura gerturatu daiteke.
https://www.facebook.com/tabakalera/videos/294100811768913/

