Victoria Noriega Benta Berriko bizilagunaren etxegabetzea gelditzeko eskatu du Kaleratzeak Stop plataformak

Kaleratzeak Stop plataformak deituta, herritar ugarik elkarretaratzea egin dute goizean Andia kalean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Victoria Noriega Benta Berriko bizilagunaren etxegabetzea gelditzeko eta Eusko Jaurlaritzari alokairu erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen zerrendak eta adjudikazioak kontrolatzeko eskatzeko. Benta Berriko bizilagunek, Azora putre funtsaren bizilagunek, CCOO sindikatuak eta Batzar Nagusietako zein Donostiako Udaleko EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen ordezkariek bat egin dute elkarretaratzearekin.
Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak 1998an adjudikatutako Benta Berriko babes ofizialeko alokairuko etxebizitza batean bizi da Victoria Noriega, baina Testa Socimi-Blackstone putre funtsa da etxebizitzaren jabea gaur egun. Noriega pentsioduna da eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DBE) bere pentsioa osatzen du, baina ezin izan ditu azken kuotak ordaindu, eta putre funtsak etxegabetze demanda bat aurkeztu du bere aurka. Donostiako 1 zenbakiko Epaitegiak ekainaren 16an egingo du epaiketa, eta irailaren 9rako ezarri dute etxegabetze agindua.
Kaleratzeak Stop plataformak nabarmendu du ez dutela etxegabetzea onartuko eta, behar izanez gero, piketeak ere egingo dituztela. Era berean, etxegabetze demanda erretiratzeko eskatu diote funtsari, eta azpimarratu dute enpresari dagoeneko jakinarazi diotela Noriegak ordaindu ditzakeen bi etxebizitza huts daudela Benta Berrin bertan: Oihenart kaleko 3. zenbakiko 6.C etxebizitza eta Xalbador Bertsolariaren kaleko 4. zenbakiko 6.E apartamentua –Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza ordezkariari eta Donostiako alkatetzari ere jakinarazi diote hori–. “Putre funts honek, kaleratze honekin, kuotak ordaindu ezin ditzaketen maizter zaurgarriekin nola jokatzen duen erakusten digu baita 2028an babestutako alokairuak amaitu eta prezio espekulatiboak inposatzen dituenean nola jokatuko duen ere”, gaineratu du plataformak. Noriegak “oso urduri” dagoela adierazi du, baina babestuta sentitzen dela azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie euren babesa adierazi dioten eragile guztiei.
Bestalde, lursaila Eusko Jaurlaritzarena dela gogoratu du plataformak, eta euren arabera, “inbertsioak urteak daramatza amortizatuta”. Izan ere, azaldu dute 1998an etxebizitzak adjudikatu zituztenean batez besteko alokairua 80.665 pezetakoa zela, hau da, 485 eurokoa. Gaur egun, ordea, 800 eurokoa da batez besteko alokairua. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak alokairu erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen zerrendak eta adjudikazioak kontrolatu behar dituela aldarrikatu dute.