Zinemaldiak ekainaren 30era arte luzatu du filmen izen-emate epea
Koronabirusak bizitzaren arlo guztietan sortutako arazoak aintzat hartuta, filmen izen-emate epea bi astez luzatu du Donostiako Zinemaldiak. Horrela, ekainaren 30era arte izango da aukera 68. Zinemaldirako filmen izen-ematea Internet bidez egiteko, aurre aukeraketari begira. Era berean, Culinary Zinema sailko izen-emate epea ekainaren 15ean itxiko dute eta WIP Latam, WIP Europa eta Nest egitasmoena uztailaren 1ean, aurreikusita zegoen moduan.
Bestalde, izena emateko garaian, filmean karguak izan dituzten pertsonen generoa zehazteko eskatu du Zinemaldiak, jaialdiak 2018an sinatutako Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren aldeko gutunean hartutako konpromisoetako bat betetzeko. Hain zuzen, estatistikak generoaren arabera bereizi ahal izango dituzte horrela, bai aurre aukeraketara aurkeztutako filmena, bai hautatzen dituztenena ere. Horri esker, datu fidagarri eta egiazkoak lortuko dituzte emakumeen partaidetza duten proiektuei buruz.