"COVID-19ak errematatu egin gaitu"
Aitor Formosok 30 urte daramatza ostalaritzan, eta azken zazpi urteak Loiolako Erriberako Apitxin tabernan eman ditu, auzoa nola hazi den barraren atzetik ikusiz. Auzoko lehenengo tabernetako bat zen Apitxin, baina ezin izan dio koronabirusaren krisiari aurre egin, eta ateak ixteko erabakia hartu du Formosok.
Zergatik itxi duzu taberna?
COVID-19ak errematatu egin gaitu. Gainera, laguntzarik jaso gabe eta aurrean ziurgabetasunez beteriko etorkizuna izanda, ez du irekitzeko gogorik ematen.
Zein egoeratan zegoen taberna koronabirusa iritsi aurretik?
Urtebete generaman nahiko makal, baina aurrera jarraitzeko ilusioa daukazu beti. Egoera hau iritsita, ordea, irekitzeko eta aurrera jarraitzeko gogoa kentzen zaizu. Izan ere, hiru hilabetez taberna itxita izatea oso kolpe handia da, eta gastu finkoak ditugu; argiarengatik, esaterako, hilabetean 900 euro ordaintzen ditugu.
Terrazekin esaten digute ez ditugula tasak orain ordaindu behar, urrira arte atzeratuko dizkigutela, baina gero urria iritsiko da eta ordaindu behar duzu. Bestalde, edukiera murriztuta daukazu, bezeroak ezin dira barraraino sartu, ezin dituzu pintxoak barran jarri eta ezin dituzu langileak ABEE-tik atera; langile bat aterata, gainontzekoen gizarte segurantzaren %55 ordaindu behar duzulako.
Lokala zurea da?
Ez, alokairuan geunden 2013tik. Azken urtea izan da zailena, eta esan dizudan moduan, egoera honen ondorioz itxi egin behar izan dugu.
Bestalde, udalak oztopo asko jarri dizkigu azken urtean, terrazarekin, besteak beste: atzeko aldeko terrazan sei mahai genituen, bakoitza lau aulkirekin. Araudi berriarengatik, ordea, mahai bakoitzeko bi aulki utzi zizkiguten, haurrentzako parke batetik bi metro baino gutxiagora egoteagatik. Horrek edukiera murrizten dizu, baina zerga berdinak ordaintzen dituzu.
Zenbat langile zenituen?
Guztira sei langile ginen, hau da, bost langile nituen kontratatuta.
Zenbat urte zeneramatzan tabernarekin?
Zazpi urte neramatzan taberna honekin, baina ostalaritzan 30 urte daramatzat: hogei urtez Erdialdeko Tanger taberna eraman nuen nire emaztea zenarekin. Banandu ginenean, ordea, bera gelditu zen tabernarekin, eta nik Apitxineko proiektua hasi nuen. Hau da, 16 urterekin lehenengo aldiz barra baten atzean jarri nintzenetik, ez naiz geldirik egon, eta ez dakit beste ezer egiten.
Nola ikusten duzu hiriko gainontzeko tabernen egoera?
Egoera oso zaila da, izan ere, nahiz eta udal tasak eta zergak atzeratzen dizkiguten, autonomook gure kuota ordaintzen jarraitzen dugu. PFEZa ere ordaindu behar dugu, eta tasen eta zergen zorrek hor jarraitzen dute, ez dituzte barkatzen. Gainera, %50era ari gara lan egiten, eta eguraldi ona egiten duenean ez gaude gaizki, baina euria egiten duenean, zer? Horretaz gain, aurten ez da ia turismorik izango.
Bestalde, protokolo soziosanitarioak oso ondo daude, egin behar dira, baina dena gastuak dira: eskularruak, maskarak, gel hidroalkoholikoak… Horretarako ez dago laguntzarik. Bankura zoaz kreditu bat eskatzera, eta ustez estatuak abala ematen dizu, baina bankuak entitate pribatuak dira, eta ez dira batere solidarioak.
Erakundeen laguntzak faltan botatzen dituzu?
Nik, behintzat ez ditut laguntza horiek ikusten, eta ez ditu inork ikusten.
Taberna gehiago itxiko direla uste duzu?
Ez dut ezkorra izan nahi, baina uste dut urria heltzen denean, uda pasata, pentsatzen duguna baino askoz taberna gehiagok itxi egin beharko dutela. Era berean, nire ustez, auzoetako tabernek Erdialde ingurukoek baino hobeto aguantatuko dute. Izan ere, zona horretakoek turismoarekiko eta udako jarduerekiko menpekotasun handia dute, eta aurten askoz mugimendu gutxiago izango da udan.
Auzoko beste ostalariekin hitz egin duzu euren egoeraren berri izateko?
Bai, eta esan didate orain ondo ari direla lan egiten terrazengatik, baina beldur asko dute. Gainera, batzuek dirua zor diete banatzaileei, eta gaur egungo egoeran ez diete gehiago saltzen, banatzaileek ere jan behar dutelako, jakina. Ulertzen dugu, baina zaila da, lan egin nahi dugulako, baina ezin dugu.
Zu Loiolako Erriberakoa zara?
Ez, ni Pasai San Pedrokoa naiz.
Nola integratu zinen auzoan?
Erdialdeko taberna batetik nentorren, eta lan egiteko modua oso desberdina da Erdialdean edo auzo batean. Hala ere, oso ondo integratu ginen, eta hasieratik elkarlanean aritu gara Erribertxo kultur elkartearekin, auzo elkartearekin, eta abar. Jarduera ugari antolatu ditugu elkarrekin, eta kobratu gabe, iza ere, auzoarentzat ona dena denontzat da ona.
Taberna auzoarekin hazi da, ezta?
Guk hartu genuenean bi urte zeramatzan irekita beste jabe batzuekin, baina bai, auzoarekin hazi gara. Gainera, asko hazi gara, nik taberna hartu nuenean ez baitzuten guk bezain beste lan egiten. Oso sukaldaritza desberdina zuten, eta nik beldurra nuen, sukaldaritza tradizionala eta kalitatezkoa egiten dudalako. Gauza batzuk ez dira bereziki merkeak, baina, hala ere, taberna funtzionatzen joan zen, eta jendea etortzen zen. Kritikari ugarik oso balorazio onak egin dizkigute, eta sari gastronomikoak ere irabazi ditugu.
Nola ikusten duzu auzoa?
Duela zazpi urtetik hona asko aldatu da, hein batean, etxebizitza gehiago egiten joan direlako. Ni hemen sartu nintzenean, Loiolako Erribera ia lo auzo bat zen; jendea bizi zela ikusten zenuen, baina ez zegoen kontsumorik. Ordea, auzoan ateratzeko ohitura handitzen joan da, gizarte segurantza ondoan daukagu, hotel bat eraikiko dute laster, eta lehen baino taberna gehiago daude orain. Horrek guztiak, azkenean, mugimendua sortzen du auzoan.
Proiekturen bat daukazu buruan?
Momentu honetan ez daukat proiekturik buruan, ez epe laburrean, ez epe luzean. Zazpi urtez egunean hamalau ordu lan egiten izan ondoren, orain lasaitasuna behar dut. Urtean astebeteko oporrak hartzen nituen, baina taberna irekita mantentzen nuen, eta denbora guztian telefonoari adi egoten nintzen.
Urte hauetan ia ez ditut nire bi semeak ikusi, eta, alde horretatik, konfinamendua pozgarria izan da niretzat, beraiekin gozatu ahal izan dudalako. Beraz, orain lanpostu bat bilatzea tokatzen zait, nire esperientzia erakustea; 30 urte daramatzat ostalaritzan, eta norbait horretaz aprobetxatuko da. Hori bai, ezin dut geldirik egon, orain esaten dizut ez dudala negozio berririk irekiko, baina, agian, bihar zerbait interesgarria eskainiko balidate sartuko nintzateke, baina ez dut uste. Gainera, nire ekonomia pertsonala oso ahul gelditu da.