Eguneko zentroak PCR testak egin gabe ireki dituztela salatu du ELAk
Gipuzkoako zahar etxe eta eguneko zentroetako langileek elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. “Oso larria da aldundiak eguneko zentroak irekitzeko aukera ematea, aldundiak berak aldebakarrez egin duen Errealitate Berrira Egokitzeko Plana bete gabe dagoenean, hau da, aurretiaz PCR testak egin gabe daudenean”, salatu du ELA sindikatuak. Langileak eta erabiltzaileak berriz ere arriskuan jartzea leporatu diote Olanori.
Sektore honen gaineko ardura “behingoz” hartzeko eskatu diote aldundiari. “Pandemian euren osasuna arriskuan jarri duten profesionalen lanari balioa ematea exijitzen diogu, behingoz lan-baldintza duinak eskainiz”, azaldu du ELAk. Maiatzaren 5ean bilera eskaera egin zioten Olanori, eta oraindik ez dute erantzunik jaso. “Aukera ona litzateke zahar etxeen ereduari buruz hitz egiteko eta, batez ere, hiru urte baino gehiagoko gatazkari amaiera emango dion hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko”.
Sindikatuak nabarmendu du, duela gutxi, Gipuzkoak egoitzen eredua publikoki babestu duela Olanok. “Bere esanetan, eredu horrek funtzionatu egin du COVIDaren krisiaren aurrean eta ez dago alternatiba hoberik. Horrez gain, behin eta berriro errepikatu du zuhurtzia osoz jokatu beharra dagoela”. ELAren ustez, ordea, “guztiz inkoherentea” da zuhurtziaz hitz egitea, “eta aldi berean, eguneko zentroak erabiltzaileentzako berme nahikorik gabe ireki ahal izatea”. Hori dena gertatzearen arrazoia ondorengoa dela adierazi dute: “Zahar etxeak eta eguneko zentroak etekinak lehenesten dituzten enpresen esku uzten direlako”.
Ahaldun nagusiari galdera zuzena egin dio ELAk: “Markel Olano: Gipuzkoan koronabirusagatik gertatu diren heriotzen %60 erresidentzietan erregistratu da, beraz, benetan diozu erresidentzien eredu horrek ondo funtzionatu duela ? Domus vi, Clece, Biharko, Eulen, Sanitas eta Caser enpresak dira irabazi asmorik ez dutenak? Funts putreen multinazionalen edo zerbitzu anitzeko enpresen aldeko apustua egitea al da Aldundiaren eredua?”. Horrekin batera, sindikatuak gogor gaitzetsi du Olanok egoitzek pandemiari eta ELAren salaketei aurre egin behar izan dietela esan izana, adierazpen horiekin osasun krisia eta ELAko langile batzuek egindako salaketa legitimo batzuk plano berean jarri direla argudiatuta. “Ez da ahaztu behar krisialdi honetan zaintza bermatzeko euren bizitza ere arriskuan jarri dutenak langileak izan direla, eta salaketa sartu behar izan zutela enpresa eta aldundiak bakarrik utzi zituztelako”.