Euskadiko Filmategiak hilaren 15ean irekiko ditu berriz ere ateak
Astelehenean, hilaren 15ean, ateak berriz ere irekiko ditu Euskadiko Filmategiak. Funts filmiko zein bibliografikoak kontsultatzeko zerbitzuak erabilgarri izango dira. Kontsulta horiek egiteko ordutegia astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, izango da Euskadiko Filmategiaren egoitzan (Tabakalera. Andre Zigarrogileak plaza, 1-2. solairua. 20012 Donostia).
Bi zerbitzuok doakoak dira, eta ikus-entzunezko alorrari eta justifikazio akademikoa duten erabiltzaillei zuzenduta daude. Hitzordua hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik filmoteca@filmotecavasca.com helbide elektronikora idaztea.
Programazioari dagokionez, martxoan bertan behera geratu ziren bi zinema emanaldi berreskuratuko dituzte uztailean. Donostia International Physics Center (DIPC) eta Donostia Zinemaldia (SSIFF) erakundeekin lankidetzan antolatutako Zinema eta zientzia zikloko bi film ikusi ahal izango dira udan, Tabakalerako zinema aretoan. Uztailaren 11n, 19:00etan, Despertares –Awakenings- (Penny Marshall, 1990) filmaren txanda izango da, eta Jose Ramon Alonso neurobiologoak ekitaldirako bereziki prestatutako aurkezpen labur bat proiektatuko da filma hasi aurretik. Era berean, uztailaren 22an Ad Astra (James Gray, 2019) ikusi ahal izango da, 19:00etan. Fernando Cossio kimikaria bertaratuko da filma aurkeztera eta proiekzio ondoren ikus-entzuleekin solastera.
Filmategiak ateak berriro zabalduko dituela baliatu nahi izan du, euren egunerokotasuneko jarduera ondorengo bideoan islatzeko.