Txapeldunen ligako azken fasea Anoetan jokatuko da
Abuztuaren 21etik 30era jokatuko da Emakumezkoen Txapeldunen ligako azken fasea, eta UEFAk jakinarazi du Anoetan eta San Mamesen jokatuko direla neurketak. Hasiera batean, finala maiatzaren 24an jokatzekoa zen Vienan (Austria). Koronabirusaren krisiak, ordea, bertan behera utzi zuen azken fase osoa. Horiek horrela, Europako zortzi talde onenak nor baino nor ariko dira Euskal Herrian.
Kanporaketa bidezkoa da Txapeldunen ligako azken fasea, eta partida bakarrera jokatuko dira Anoetan eta San Mamesen. Norgehiagokak ondorengoak izango dira: Atletiko Madril-Bartzelona, Lyon-Bayern Munich, Glasgow City-Wolfsburgo eta Arsenal-PSG. Final laurdenetako lau neurketa jokatuko dira –abuztuaren 21ean eta 22an–, ondoren finalerdietako bi –abuztuaren 26an–, eta, azkenik, finala –abuztuaren 30ean–. Guztira zazpi partida izango dira.
Anoetan eta San Mamesen hiruna neurketa jokatuko dira. Ordea, oraindik ez dute erabaki finala bietatik zeinetan jokatuko den.