'Badet' izena du Beñaranks donostiarrak Argizulorekin egindako diskoaren hirugarren aurrerapenak
Iker Beñaran Beñaranksek Badet abestia plazaratu du gaur, Argizulorekin batera aterako duen Ganbaratik diskoko hirugarren aurrerapena. Honen aurretik, Amara Berriko reggaelariak, Ladis Rasla eta Mikel Aveiro Argizuloko kideekin osatutako Argizulo ta Beñaranks proiektuaren baitan, Aberatsa edo txiroa+Dub singlea eta Badabil abestia aurkeztu ditu dagoeneko.
Aurreko abestiak bezala, Badeteko musika ere Argizulo Dub Stationek (Badet riddim) sortu du, Zestoan dagoen Argizuloko ganbaran grabatu eta nahastu dute, eta Antxon Sagarduik masterizatu du Crudobilbao estudioan. Bideoari dagokionez, Eva Francok grabatu du, eta Harry Watkins aritu da argian eta laguntza lanetan. Bideoaren muntaketa eta edizioa Borja Suberbiolak egin du, eta azaleko tipografia Iker Landak landu du.
Ganbaratik diskoa apirilean plazaratu behar zuten Argizulo ta Beñaranksek, baina pandemiak sortutako egoera dela eta, ezin izan dute aurreikusitako datetan argitaratu.