Bera Berak irailaren 12an hasiko du liga eta Ohorezko Mailak bi talde izango ditu
Espainiako Eskubaloi Federazioko batzarrak bilera egin zuen ostiralean, 2020-2021 denboraldiko hainbat puntu finkatzeko. Besteak beste, erabaki zuen Emakumeen Ohorezko Liga irailaren 12an hasiko dela. Beraz, Bera Berak irailaren 12 eta 13ko asteburuan jokatuko du lehen norgehiagoka.
Bestalde, duela aste batzuk iragarritakoa baieztatu zuen batzarrak, alegia, bi talde izango direla datorren denboraldian Ohorezko Mailan, aurten inor ez jaitsi eta bi klub igo direlako. Bera Bera A taldean arituko da lehian lehen bueltan, eta aurkari izango ditu Atletico Guardes, Malaga, Valladolid, Zuazo, Pereda, Lanzarote Puerto del Carmen eta Alcobendas taldearen ordez igoko den taldea. Izan ere, Madrilgo taldeak Ohorezko Mailako postuari uko egingo ziola iragarri zuen joan den astean.
B taldean, berriz, Elx, Gijon, Granollers, Rocasa, Tenerife, Porriño, Morvedre eta Kordoba arituko dira. Talde bakoitzeko lau onenak bigarren buelta batean liga irabazteko lehian arituko dira. Emaitza txarrenak lortzen dituztenak, aldiz, ez jaisteko borrokan arituko dira bigarren bueltan.