Etxez etxeko banaketa zerbitzu jasangarria jarri du martxan Ba Gera merkataritza elkarteak
Ba Gera merkataritza elkarteak etxez etxeko banaketak egin eta jasotzeko zerbitzu bat jarri du martxan. Zerbitzu hau jasangarria da, banaketa %100 elektrikoak diren ibilgailuekin egiten baita, Donostiako edozein auzotara. Saltoki txikietako produktuak jaso daitezke honen bitartez, esaterako, loreak edo elikagaiak, baita beste hainbat produktu iraunkor eta paketeak ere. Dena den, elkartetik jakinarazi dute janari izoztua zein berotua ez dutela banatuko.
Eskaerak jasotzeko zerbitzuko ordutegia honakoa izango da: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara. Etxera eramateko zerbitzuko ordutegia, aldiz, astelehenetatik larunbatetara berdina izango da, alegia, 9:00etatik 21:00etara.
Erositakoaren kostuaz gain, banaketa zerbitzuak ere kostu bat izango du. Eskaera 24 ordutan entregatzeko tarifa 5 eurokoa izango da, BEZa barne. Eskaera bilketa egiten den egun berean jasotzeko tarifa 8.5 eurokoa izango da. Kasu honetan, derrigorrezkoa izango da eskaera 13:00ak aurretik gauzatzea. Bi tarifa hauek 15 kilorainoko edo 40x40x60 zentimetrotako paketeei eragiten die. Eskaera handiago edo pisutsuagoen kasuan, Ba Gera elkartearekin hitz egin behar da.
Banaketak egingo dituen enpresa Txitak izango da. Beraz, zerbitzua erabiltzeko eurekin hitz egin behar da. Hiru bide daude horretarako: 943275585 telefono zenbakia, 606607363 whatsapp zenbakia edo reparto@txita.com posta elektronikoa. Edozein informazio eskuratu edo kontsulta egiteko, Ba Gera elkartearekin hitz egin daiteke 843608436 telefono zenbakian edo info@bagera.eu posta elektroniko bitartez.