Sorosleak eta dutxak daude dagoeneko Donostiako hondartzetan
Hondartza denboraldia uztailaren 1ean hasiko da Gipuzkoan, baina Donostiako hondartzetan sorosleak eta dutxak daude gaurtik, hilaren 15etik, aurrera. Guztira 24 sorosle aritu dira Kontxan, Zurriolan eta Ondarretan 10:00etatik 20:00etara, irailaren 15era arte. Era berean, pandemiarengatik hondartzako dutxak kendu eta hankak garbitzeko iturriak itzali ondoren, berrabiarazi egin dituzte dagoeneko.
Horrela, Zurriolan zazpi dutxa zutabe eta paretako lau dutxa jarri dituzte, Kontxan sei dutxa zutabe eta beste horrenbeste paretako dutxa eta Ondarretan sei dutxa zutabe. Dutxa zutabeen kasuan, lau iturri izan ordez, bi dituzte aurten, segurtasun distantziak errespetatzeko. Hankak garbitzeko iturriei dagokienez, erdikoak itxita mantenduko dituzte, osasun neurriak errespetatu ahal izateko. Horretaz gain, garbiketa zerbitzua indartu egin dute, baita kabinetako komunak ireki ere. Hondartzetako edukieraren egoeraren berri emateko banderak ere sarbideetan jarri dituzte dagoeneko, eta edukiera kontrolatzen lagunduko duten langileak ere lanean hasi dira –toldozain izandako langileak dira–.
Bestalde, bainatzen laguntzeko zerbitzua eskainiko dute aurten ere Kontxan, 11:00etatik 19:00etara. Zerbitzua erabiltzeko, aurrez hitzordua eskatu edo Erlojuetan kokatutako sorospen-postura joan behar da. Koronabirusa dela eta, bai sorosleak bai erabiltzaileak maskara eta eskularruak erabili beharko dituzte, eta bainatzeko aulkia erabili ondoren desinfektatu beharko da, segurtasun distantziak mantentzeaz gain.