Loiolako Lorategi Hiria datorren urte hasieran eraikitzen hastea aurreikusten du udalak
Donostiako Udalak azken tramitea egin du Loiolako Lorategi Hiriaren hirigintza proiektua aurrera eramateko. Zehazki, Urbanitzatzeko Jarduera Programa da onartu dutena, eta horren bidez udalak kudeatu eta egingo ditu urbanizazio lanak, eta, ondoren, gastuak banatuko ditu lursailen jabeen artean. Eneko Goia alkateak adierazi duenez, Lorategi Hiria erakitzeko obrak datorren urte hasierarako hastea aurreikusten du udalak. Guztira, 11.367.937 euroko aurrekontua du hirigintza proiektuak.
Loiolako Erribera eta Loiola auzoen arteko eremuak 70.646 metro karratuko azalera du; 5.883 metro karratuko eraikigarritasuna gizarte-babes publikoko etxebizitzarako, 3.303 metro karratu babes publiko tasatuko etxebizitza eraikitzeko, 15.614 metro karratu sustapen libreko etxebizitza eraikitzeko eta 6.000 metro karratuko eraikigarritasuna hirugarren sektoreko erabilerarako. “260 etxebizitza inguru eraiki ahal izango dira eremuan”, adierazi du Goiak. Hirigintza proiektuak ere aurreikusten ditu ekipamendu publikoak eta kirol ekipamendu berriak, bide berriak eta berdegune zabalak.