Txaparrene pasealekuko zubi berria eraiki dute
Joan den astean Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuko zubi zaharra bota zuen Donostiako Udalak, eta pasabide berri bat jarri dute dagoeneko. Parada baserria kaleko 46. zenbakiaren parean dago trenbidea gurutzatzen duen zubia, eta Txaparrene eta Zubiaurre pasealekuak lotzen ditu.
Zubi zaharra 1864tik zegoen hor, eta, udalaren arabera, aldatu beharra zegoen, zaharkituta eta hondatuta baitzegoen. Pasabide berria metalezkoa eta gorri kolorekoa da, eta hamabi metroko luzera eta bi metroko zabalera ditu. Era berean, sarbideetako batean eskailerak daude, eta udalak egokitu egin ditu, zubiaren irisgarritasuna hobetzeko. Pataila akustikoak jarri ahal izateko beharrezko elementuak ere jarri dituzte zubi berrian. Proiektuak 196.869 euroko aurrekontua izan du.
Ez da azken urteotan Txaparrene pasealekuan berritzen duten zubi bakarra, beste biak 2015ean eta 2016an aldatu baitzituzten. Joan den astean pasabide zaharra bota zutenean, Intxaurrondoko IZBE auzo elkarteak hedabide honi esan zion begi onez ikusten zutela proiektua, aurreko zubia oso zaharra zelako.