Txapeldunen ligako finala Anoetan jokatuko da abuztuaren 30ean
Anoetan eta San Mamesen jokatuko da Emakumezkoen Txapeldunen ligako azken fasea, abuztuaren 21etik 30era. Donostian lau partida jokatuko dira, eta horietako bat abuztuaren 30eko finala izango da. Aurretik, hiruna kanporaketa jokatuko dira Anoetan eta San Mamesen.
Kanporaketa bidezkoa izango da Txapeldunen ligako azken fasea, eta Europako zortzi talde onenak lehiatuko dira: Atletiko Madril-Bartzelona, Lyon-Bayern Munich, Glasgow City-Wolfsburgo eta Arsenal-PSG. Hilaren 26an egingo du zozketa UEFAk partiden ordena eta egutegia zehazteko. Final laurdenetako lau neurketak abuztuaren 21ean eta 22an izango dira, bi finalerdiak abuztuaren 26an, eta esan bezala, finala abuztuaren 30ean.
Hasiera batean, finala maiatzaren 24an jokatzekoa zen Vienan (Austria). Koronabirusaren krisiak, ordea, bertan behera utzi zuen azken fase osoa. Finala aurten Donostian jokatuko da, eta datozen hiru urtetako finalen egoitzak ere erabaki ditu UEFAk. 2021ean Goteborgen (Suedia), 2022an Turinen (Italia) eta 2023an Eindhovenen (Herbehereak).