Auzitegiek bertan behera utzi dute Altza, Herrera, Bidebieta eta Intxaurrondo Pasaiara anexionatzeko eskaera
Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Pasaiaren eskaera: Donostiako Altza, Herrera, Bidebieta eta Intxaurrondo auzoak Pasaiara anexionatzeko eskatzen zuten. Pasaia 2003an gaia mugitzen hasi zenetik, bigarren aldiz utzi dute bertan behera eskaera, gauza bera egin baitzuten 2011ko martxoan.
1805ko maiatzaren 27ko Carlos IV.a Espainiako Erregearen zedulan eta urte bereko abuztuaren 29an Joseph Vargas Ponce komisarioak egindako udal mugapean oinarrituta eskatzen du Pasaiak auzo horiek herrira lotzeko. Hasiera batean, eskaera Foru Aldundiari aurkeztu zioten, baina ukatu egin zieten, 1939an Espainiako Geografia Institutu Nazionalak egindako mugaketa osatugabean oinarrituta. Horregatik, auzitegietara jo zuen Pasaiak, baina, 2011an, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen ontzat jo XIX. mendeko dokumentuen arabera gaur egungo udal mugapeak aldatzea.
Era berean, auzitegiak gogoratu zuen 1939an Altzaren eta Pasaiaren arteko mugak ezarri zituztela, Altzaren anexioaren testuinguruan. Izan ere, Altza auzoa 1940an anexionatu zuten Donostiara, erregimen frankistaren inposizioz.