Gure lurraren historia, inoiz baino eskurago
Hiru hilabeteko etenaldiaren ostean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere urte osoko programa martxan jarri du berriro, naturaz eta bertako paisaiaz gozatzeko hamazazpi bisita gidaturekin.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak zapaltzen dugun lurraren historia ezagutzeko aukera ematen digu, naturak 60 milioi urtean zehar idatzi duen ur eta arrokazko liburu bat delako. Zumaiako, Debako eta Mutrikuko kostaldean dagoen naturgune honek UNESCOren Munduko Geoparke izendapena jaso zuen duela bost urte, balio bereziko paisaia geologiko bat izateagatik, eta urteetan zehar bertako zein kanpoko milaka bisitari liluratu ditu bere magia eta sekretuekin.
Bada, koronabirusak eragin duen hiru hilabeteko etenaldia gainditu ostean, Geoparkeak herritarrak berriz erakarriko dituen urte osoko programa martxan jarri du aste honetan, euskal mendien eta Kantauri itsasoaren bat egitetik jaiotako paisaiak ezagutzeko aukera ematen duten hamazazpi bisita gidaturekin. Hauek egunero egingo dira, kostaldean zein barnealdean, oinez zein itsasontziz, eta familian edo lagunartean egiteko hainbat jarduera eskainiko dituzte, paisaiatik harago lurraldeko ohiturak eta kultura ezagutarazteko helburuarekin.
Barnealdeko ezkutuko bailarak, itsaslabarren santutegi geologikoa, marearteko zabalgunearen ekosistema… Adituak diren gidarien laguntzarekin, Geoparkeak gordetzen duen balio natural, geologiko eta kultural garrantzitsua lehen eskutik ezagutuko dute herritarrek, COVID-19aren aurkako protokoloak ezarritako segurtasun neurrien bermearekin: talde murriztuak, elkarren arteko distantziak, garbitasuna eta maskarak, besteak beste.
Geoparkeak berebiziko lana egin du bere zerbitzu guztiak beharrezko osasun neurrietara egokitzeko, bizi dugun egoeran eremu irekietan gozatu eta naturarekin dugun harremana indartzea inoiz baina garrantzitsuagoa delako. Gertuko turismoaz gozatzeko aukera paregabe honetan, gure kostaldeak egun osorako edo asteburua pasatzeko plan ezin hobeak eskaintzen dizkigu.
Bisitak euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera dago, baina aurten bertako bisitarien gorakada bat izango dela aurreikusita, naturgunearen kudeatzaileek euskarazko eskaintza areagotzeko apustua egin nahi izan dute. Kanpotik datozen pertsonek, berriz, Geoparkearen webgunetik deskargatu daitezkeen audio gidak eskura izango dituzte, ingelesez, frantsesez eta alemanez jaso daitezkeen azalpenekin.
Osasun irizpideetan oinarrituta, Irteera gidatuen erreserba Internet bidez egitea gomendatzen da, www.geoparkea.eus webgunean, baina Zumaia, Deba eta Mutrikuko turismo bulegoek ere aukera bera eskainiko dute hala eta guztiz ere. Bestalde, Geoparkearen proposamen guztiak bisita gidatuen liburuxka berri batean jaso dituzte, eta hau edonorentzat dago eskuragarri, eskatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo bulegoetan eta eta lurraldeko hotel nagusietan.